Berritze proiektua esku artean bazuten ere, Aiako San Esteban parrokiako zimitorioan konpondu beharrean zegoen habe bat puskatu egin da. Unai Manterola apaizak esan digunez, egurra pitzatuta zegoen eta guztiz eten denean behera egin du.
Oraingoz, konponketak egin bitartean eskoratu egin
dute. Proiektua egiten ari dira eta baliteke zimitorio guztia berritzea, teilatutik hasita. Hala ere, kontuan hartuta negu betean gaudela ez da sasoirik egokiena teilatua konpontzeko lanetan hasteko, beraz, seguru asko udaberrian hasiko dira obrak, esan du apaizak.
Teilatuak behera egin zuenetik, azken hiru asteotan egiten ari diren bezala hemendik aurrera ere
atari nagusitik egingo dituzte eliztarrek sarrera-irteerak. Elizkizunak, berriz, obrak egin bitartean
ere berdin-berdin izango dira.
San Esteban Parrokia hainbat aldiz berreraiki eta handitu dute eta konponketarik ere izan da. Elizari
buruzko lehen dokumentu frogak 1350 urtekoak dira. Garai hartan nabeak hiru atal
izango zituen, eta arku zorrotzean egindako bederatzi arkiboltadun
portadatik iritsi zitekeen horietara. Beste hainbat dokumenturen eta gaur egungo eraikuntzaren arabera uste da XVI mendearen
lehen zatian hasi zirela berritze lanak eta XVII mendean amaitu.
Nabearen lehen hiru atalen berritze lanetan Pascual de Iturriza, Juan Simon de Iturriza eta Martin de Gorostiola harginek hartu zuten parte eta lanok 1554 urterako amaituta Andres de Araoz eskultorea kontratatu zuten aldare nagusiko erretaula egiteko. Hau hiltzean, lana bere anaia Diego de Araozek amaitu zuen.
Kontserbatzen den beste dokumentu batek dio Jonsansororen alargunak diru kopuru bat kobratzeko eskubidea zuela bere senarrak elizako portadan egin zuen lanaren ordainetan eta elizako gaur egungo sarrerarako egin ziren lanak dira seguru asko. Sarrera arku puntazorrotza dobelarekin eta goiko aldean horma-hobi bat dauka.
Bestalde, seguru asko XVII. mendean egindako bigarren zatian, gurutzadura eta absidea gehitu zitzaizkion. Aldameneko elizpeak, berriz, arku gainean, egungo sarreraren parean, eraikuntza data du: 1662 urtea.
Elizan badira urte batzuk obra handirik egin ez direla, mende laurdena-edo. Teilatuaren zurezko egitura saneatu eta eliza barne aldetik egokitu eta berritu zuten. 1984 eta 1986 urteen artean.
Oraingo berrikuntzetan zimitorioko teilatua eta egurrezko egitura berritzea baino ez dute aurreikusi, diru kontua medio ez baitago beste obrarik egiteko aukerarik.