Azken lau urteotan bezala Herrio natur-taldeak jostailu trukea antolatu du aurten ere. Ostiralean, abenduaren 13an kosta-tailerrean izango dira jostailuak jasotzen, 18:00etatik 20:00etara bitartean; hala ere, truke egunean bertan ere eraman ahal izango dira jostailuak momentuan trukatzeko. Herriokoek animatu nahi dituzte trukatzeko jostailu erabiliak dauzkaten herritarrak, hara joan daitezen.
Larunbatean, abenduaren 14an izango da, hain zuzen ere, jostailuen trukea. Eguraldia lagun izanez gero Herriko Plazan egingo dute eta euria ari badu, berriz, Orioko frontoian. Goizez 10:30etik 13:30era egongo dira eta 15:30etik 18:00etara, arratsaldez. Batek baino gehiagok espero gabeko jostailu interesgarriak aurkituko ditu seguru asko.