Brain Gym eta 5 erritmoak saioak antolatu ditu Mandalarak

Irati 2013ko abenduaren 11

Abenduaren 13an eta 15ean izango dira Mandalararen lokalean eta Kosta tailerrean hurrenez hurren.

Mandalara taldeak bi saio antolatu ditu astebururako. Batetik, ostiralean, abenduaren 13an, Brain Gym-ari buruzko solasaldia egingo dute Mandalara taldeko lokalean 20:00etan.

Brain Gym-a haurrentzat eta ikasteko zailtasunak zituzten helduentzat garatu zen teknika da. Izan ere, hori eginez, neuronen arteko konexioa hobetu eta garuneko hainbat gune aktibatzen dira hobeto sentiaraziz eta mugimendu bidez ikusmena, entzumena eta ukimena elkar uztartuz.

Gero eta gehiago dira,  hiperaktibitatea, dislexia, eskolako arazoak… dituzten ume eta gazteak. Ulertzeko, irakurtzeko edo idazteko zailtasunak, oroimen arazoak, arreta falta, gauza berriak ikastean blokeo eta estresa, mugimenduen koordinazio zailtasunak… dituztenei laguntzen die Brain Gym-ak. Arazo horiei aurre egiteko osagarri izan daitekeenez Maialen Mujika terapeutaren eskutik teknika hori buruzko informazioa jaso ahal izango dute interesatuek.

5 erritmoak

Bestalde, igandean, abenduaren 15ean, gorputz mugimenduetan oinarritutako saio bat egingo dute Kosta tailerrean 10:00etatik 14:00etara. 5 erritmoak izeneko saio hau auto-ezagutza bide bat da, bizitzaren mugimenduaren mapa bat, antolatzaileen esanetan. Praktika horren asmatzaileak mugimenduaren bost oinarri zehaztu zituen: arina edo naturala; staccato; kaosa; lirikoa eta geldotasuna. Bizi erritmo horietako bakoitza gure izatearen hainbat alderdirekin lotuta dago eta denek batera inguratzen gaituen guztia osatzen dute. Bost erritmo horiek landuko dituzte prozesu terapeutiko eta artistikoarekin.

Helena Barquillak gidatuko du saioa eta 30 euro izango da saioa.

Informazio gehiago jaso edo izena emateko telefono zenbaki honetara deitu: 648 487 489 –Amaia– edo idatzi mandalarataldea@gmail.com helbidera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide