Aiako Txarri Txiki Euskal Herriko Txistorra Lehiaketako irabazle

Irati 2013ko abenduaren 21a

2000 eta 2002 urteetan ere irabazi zuen lehiaketa

San Tomas eguna ospatu ohi dute Euskal Herriko hainbat lekutan eta Donostian ere festa giroa gailendu da abenduaren 21ean. Txerria izaten da festako protagonistetako bat eta horrekin batera baita txistorra ere. Euskal Herriko XVIII. Txistorra Lehiaketa egin dute Donostian eta sukaldari zein gastronomia arloko jende ezagunak osatu du epaimahaia. Lehen saria Aiara etorri da aurten. Aiako Ugagungo industria gunean egoitza duen Txarri Txiki enpresako Karlos Lekubek jaso du lehiaketako txapela eta baita 500 euroko saria jaso ere. Irungo Embutidos Fernandez-eko Andres Espinal izan da bigarren eta hirugarren Oiartzungo Embutidos Etxekoak-eko Juan Carlos Perezek.

Txarri txiki-k 2000an eta 2002an ere eskuratu zuen lehiaketako lehen saria. Saria jasotzean jakinarazi du Caritasi 100 kilo txistor emango dizkiola, krisiaren ondorioz jende asko sufritzen ari delako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide