Gabon festen atarian Herriko Plazara irten ziren atzo, abenduaren 22an, Orioko merkatariak, erosketak herrian egitera gonbidatuz herritarrak. Arkupe merkatarien elkarteko 18 postuk inguratu zuten plazako kioskoa eta bi mahai berezi jarri ziren kioskoaren aterpean: erosketak egin zituztenentzat besteak beste bakailaoarekin eta antxoarekin egindako pintxoak oparitzen zituen Itsas Mendikoak batean; Karkarako kideak bestean, azokan erositako horiei erregalu papera jarriz eta laguntzaileak egiteko kanpaina abiaraziz.
Xorro-xorro, giro goxoan joan zen azoka, jendea atzera eta aurrera ibili baitzen hango eta hemengo eskaintzak aztertu eta gustukoena etxerako enkargatuz. Eguraldia lagun, giro ona nagusitu zen plazan 10:00etatik 19:00ak arte.
Azokak utzitako irudiak ikusteko klikatu hemen.
500 baietz!
Erregaluak biltzen trebatzeaz gain, Karkararen proiektuan bide lagun izango ditugun laguntzaileen bila hasi ginen atzo Karkarako kideak. Erronka ederra jarri diogu gure buruari: Karkaran sinesten duten 329 laguntzaile ditugu gaur egun eta 500 izatera iritsi nahi dugu. 500 baietz!
Ez bazara laguntzaile eta Karkara diruz eta indarrez laguntzeko prest bazaude hainbat bide dituzu horretarako:
- Euskadiko Kutxara (Laboralera) edota Kutxabankera joan eta Karkararen laguntzaile izan nahi duzula adierazi eta ahaztu gabe, izen-abizenak jarri.
- Karkararen bulegora (Eusko Gudari 17, 1.pisua –Orioko Kultur Etxea– edota astearte goizetan Aiako Kultur Etxean) etorri eta laguntzaile egin nahi duzula adierazi.
- Fitxategi hau eraitsi eta ondo beteta Karkara ekarri edota Karkarak Orioko Kultur Etxearen atarian duen postontzira bota.
Laguntzaile berriak bilatzeaz gain, Karkarako laguntzaileen komunitatea osatu nahi dugu. Horretarako laguntzaile diren edo egitera doazen horien e-mailak jaso nahi genituzke alde batetik, eta bestalde, datuak eguneratu. Karkararen eta laguntzaileen arteko harremana sendotzea dugu helburu ekimen honekin.