Aurtengoan ere goiz dabiltza Olentzero eta Mari Domingi Aian. Herriko umeen gutunak jasotzeko irrikitan, abenduaren 20an etorri ziren Aiara, aiarrei bisita egin eta lan eta lan dabilela esatera.
Hilabete luzeetan zain egon ondoren, arratsaldeko 17:00ak inguruan etorri ziren Olentzero eta Mari Domingi astotxo batek indarrez tiratzen zion gurdi batean eserita. Ikusmina handia sortu zuen etorrerak eta Lehen Hezkuntzako haur talde bat bidera atera zitzaien biei zuziak eskutan hartuta, trikitilarien doinuen laguntzarekin.
Herriko plazara igo ziren guztiak aurrena. Kanta sorta bat eskaini zien haur, gazte eta helduek Olentzero eta Maridomingiri han. Atzetik, hotz egiten zuenez, frontoian, babesean, hartu zuten atseden Olentzerok eta Mari Domingik. Eskolako irakasle batek galdetuta, Aiako haurrei espero baino ikatz gutxiago ekarriko diela adierazi zuen ikazkinak bertan zeuden umeen gutunak banan-banan jaso aurretik.
Bihar gauean etorriko da Olentzero herriko etxeetara, guztiak –ilargia eta izarrak barne– lo daudenean.
Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako argazkiak ikusteko klikatu hemen.