Hirugarren urtez jarraian, aurtengo Gabonetan ere adiskidez inguratuta etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi Oriora abenduaren 24an. Joaldunek –gurean ttuntturro izenez ezagutzen baditugu ere– emango diete herritarrei lehen abisua, Olentzero bidean dela adierazten duena. Orioko Herri Ikastola ingurutik aterako dira zintzarriak astinduz 17:45ean, beren hotsei jarraiki herritarrak plazara biltzeko asmoz.
Zuzi argiak bidea erakusten dielarik, 18:00ak inguruan jaitsiko dira galtzagorriak Herriko Plazara, han dauden ume, gazte eta helduen gutunak jasotzera. Bizkorrak, biziak eta jostalariak Olentzerorentzako enkargu guztiak biltzeaz arduratuko dira belarri luzeko galtzagorriak.
Galtzagorriak plazara datozen ordu bertsuan abiatuko da Mari Jainkosa sorginez lagunduta KostaTailer ingurutik eta Basajaun artzainen konpainian Gaztetxe paretik Herriko Plaza.
Plazan elkartuko dira guztiak Olentzero eta Mari Domingi menditik noiz jaitsiko zain. 18:30ak aldera iritsiko omen dira pozez gainezka.
Eguraldiaren arabera
Haizea eta euria iragarri ditu Euskalemet abenduaren 24rako. Iragarpenek asmatuko balute kalez kaleko kalejirak bertan behera geratuko dira. Herriko Plazan izango da Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako festa guztia. Dena den, eguraldi petrala izan ala ez, Arkupek txokolate jana eskainiko du 17:30ean plazan eguneko protagonistei kanpotik eta barrutik, bietatik, egiteko ongi etorri beroa.
2013ko bideoa
Olentzeroren eta Mari Domingiren iazko etorrera bideoz grabatu zuten harrera antolatzen dutenek eta aurtengoa etorri zain gauden honetan, giroa berotzen joateko, sarean zintzilikatu dugu. Ikusteko klikatu hemen.