Lurretik Lurrera poema liburua kaleratu du Josu Galdosek

Irati 2013ko abenduaren 24a

Anaia Jonen margolanekin ilustratu du liburuxka

Josu Galdosek Lurretik Lurrera poema liburuxka kaleratu berri du bere anaia Jonekin batera. Poema gehienak berak idatzi ditu eta anaiak liburua ilustratzeko margolanak egiteaz gain, poema batzuk ere sortu ditu.

Lurra da liburuaren ardatza, askotan ama-lurrean edo Marin pertsonifikatua azaltzen da poemetan. Josu Galdosek berak azaldu duenez iruditzen zait Mariren kondairak indar izugarria duela, kobazulo batean beti zerbait josten... Kobazuloa lur azpian dago, eta hustasunaren irudia da. Poemen ardatza kobazuloa bera ere bada, batez ere gure baitako kobazuloa, gure sakontasunean dagoena.

Idazleak dio Mariren irudi hori norbere barrura eraman duela, eta kondairak zentzu asko hartzen duela horrela beretzat. Mari azaltzen den guztiaren azken sortzailea izan daiteke, errealitatearen metafora paregabea, izan ere, gure baitako sakontasunean badago zerbait, beti sortzen da zerbait –pentsamenduak, mugimenduak, irudiak...–, baina sakontasun isil hori beti hor dago, adi. Mari beti lanean ari da, gure kondairak dioen bezala mundu guztiak sortzen eta deuseztatzen.

Bere ustez nabarmena da ekialdeko erlijioen eta Mariren kondairaren antzekotasuna, gure herriarentzat eta ekialdeko herrientzat ere hustasunak leku nabarmena daukalako. Poema hauekin gure kondairaren indarra azaldu nahi zuen, jainkosa folklorikoa bat bezala ikusten dugula iruditzen zait, baina kondaira horren azpian jakinduria handia dago, gure arbasoek bazekiten bai zer edo zer.

Hiria argitaletxearekin kaleratu du bere hirugarren lana Josu Galdosek eta orain baditu beste hainbat lantxo esku artean: bi poema liburu, ipuintxo batzuk, eta saiakera edo gogoeta batzuk. Baina ez dakit noizbait argitaratuko diren, zaila da, Hiria argitaletxea ere ixtear dago.


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide