Puzgarriak eta jolasak izango dira gaur ere Aian

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abe. 27a, 09:18

Lardizabal eskolako guraso elkarteak eta Xatur gaztelekuak antolatu dute ekimena, Aiako Udalaren babesarekin

Gabonetako oporretan elkarrekin ibiltzeko jolas eremu ezberdina jarri nahi izan diete Lardizabal eskolako guraso elkarteko eta Xatur gaztelekuko arduradunek herriko eta inguruko haurrei. Atzoko moduan, gaur ere, PINa (puzgarriak eta jolasak) izango da hortaz frontoian. 16:00etatik 19:30era aterpean saltoka ibiltzeko, txapak egiteko eta marrazki ederrak margotzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Lardizabal eskolak haurrentzat doakoa izango da sarrera. Gainerako umeek, aldiz, euro bana ordaindu beharko dute.

Abenduaren 26ko saioak utzitako argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Kirol txapelketak

Urtea sasoian bukatzeko kirol saioak ere antolatu dituzte Aian abenduaren 28rako eta urteko azken egunerako, abenduaren 31rako. Kirol txapelketa irekia izango da hilaren 28an 11:00etatik aurrera eta 16:30etik aurrera. Pilotan, palan, futbolean... arituko dira parte hartzen duten umeak.

Datorren asteartean, berriz, San Silbestre lasterketa izango da 17:00etan hasita. Txikientzako eta helduentzako ibilbideak izango dira eta 16:30erako eman behar da izena Gozategi plazan.

Egan eta Bizarzuri

Urtea hasita egun berezia izango da urtarrilaren 3a. Egan taldeak dantzaldia eskainiko du egun horretan 17:30ean hasita. Ondoren, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoentzako gutunak jasoko ditu Bizarzurik. Izan ere, urtarrilaren 5ean etorriko dira hiru erregeak Aiara.

Zinea

Opor egun hauetarako beste bi zine emanaldi antolatu dituzte Xatur Gaztelekuak eta Lardizabal eskolako guraso elkarteak: abenduaren 30ean eta urtarrilaren 2an pelikula bana jarriko dute ikusgai.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide