Orioko Herri Ikastolak antolatuta, urtero bezala, aurten ere etorriko dira Oriora Pirritx, Porrotx eta Marimotots, lagun guztiak hartuta, beren ikuskizun berria aurkeztera. Urtarrilaren 24an etorriko dira pailazo ezagunak Panpoxa furgonetan sartuta oriotarren irribarrea zirikatzera. Kanta, salto, muxu, algara artean elkarrekin jolasteko gonbita egin dute pailazoek, 17:30etarako Karela kiroldegira hurbiltzeko deia egitearekin batera.
Pailazoen jardun luzeari (26 urte daramatzate Pirritxek eta Porrotxek taula gainean) errepasoa emango diote Bizipoza emanaldiaren baitan. Bizipoza auzolan elkartearen nondik norakoak ere azalduko dituzte pailazoek, gizarteko hainbat esparrutako eragileen zeregina goraipatuz. Azken batean, elkartasunari buruzko saioa izango da hilaren bukaeran Orioko kiroldegian ikusi, sentitu, dantzatu eta biziko dena.
Sarrerak salgai
Antolatzaileek gaur bertan jarri dituzte sarrerak salgai Ikastolako idazkaritzan eta Il Gelato kafetegian, 7na eurotan. Sarrera kopurua mugatua izaten da eta pailazoen arrakasta ikusita, lehenbailehen erostea aholkatu izan dute ikastolako ordezkariek.