Saskibaloian pauso handiak ematen ari da Sara Iparragirre Alustiza oriotarra azken denboraldi luzean. 4 urte daramatza Sarak kirol honetan eta arrakastaz arrakasta dabil. Gipuzkoako selekzioan hasi eta Euskadiko selekziora salto eginda, partida guztietan izaten da. Espainiako selekzioarekin ere izan zen iazko abenduan.
Orain, Euskadiko selekzioarekin Espainiako azpitxapelduna izan da Caceresen jokatu den kadete mailako txapelketan. Kanariar irletako taldea izan dute aurkari eta ezin izan diote irabazi, talde oso indartsua baitute kanariarrek (tartean saskibaloian era profesionalean aritzen den 14 urteko neskato bat).
Zenbait adituren ustez, maila onean aritu da Iparragirre eta Euskadiko taldeko erreferentzietako bat izan da. Horrez gain, eta saskibaloian 4 urte besterik ez daramatzala ikusita, garapen handia ari da izaten Iparragirre, bere jokoari dagokionez, ZASTeko ordezkarien arabera.
Zarauzko ZAST taldean jokatzen du Iparragirrek, Orioko beste lau neskekin batera, eta talde bereko beste lagun bat ere izan du alboan Extremaduran: Maria Artetxe.