Orioko elizako organoaren doinua betiko geratuko da grabatuta

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko urt. 8a, 12:08

Aitor Oleak Orioko elizako organoarekin egindako musika-diskoa prestatzen ari da Ausart Records disketxea

Aitor Olea organo-jotzaileak Orioko elizako organoaren doinuak gainerako guztien belarrietara ekarriko dizkigu datorren udaberrian. Izan ere, Ausart Records disketxearen eskutik, San Nikolas elizan izan da bi egunetan (2013ko abenduaren 27an eta 2014ko urtarrilaren 7an) bertako organoa probatu eta musika diska bat prestatzen.

Euskal Herriko organoak bilduma

Epe luzerako proiektua da Juan Rekarte aiarrak zuzentzen duen Ausart Records disketxearen Euskal Herriko organoak bilduma. Duela 18 urte Euskal Herrian, herrialde txikia izanagatik ere, oso organo onak zeudela konturatuta, mundu mailako organo bildumarik onenetakoa dugunez altxor horien doinuak jasotzea pentsatu zuen Rekartek. Aitor Olea berak egin zuen organo aipagarrienen zerrenda. Hortik abiatu zen Euskal Herriko organoak bilduma.

Denera, Aitor Oleaz gain, beste 5 organo-jotzailek hartu dute parte bilduman: Pedro Guayarrek, Mari Koro Sainzek, Esteban Elizondok, Jose Manuel Azkuek eta Benantzi Bilbaok.

Urteen poderioz baina, zerrenda hori eguneratzen joan behar izan dute Rekartek eta Oleak. Hasierako hartan zeuden 43 organoetatik gutxi batzuk desagertu egin dira eta berriak agertu. Azken horien artean sorpresa izan da Oriokoa Rekarteren hitzetan: arraroa da gaur egun organo berri bat egitea, dedikazio, diru eta esfortzu handia eskatzen baitu. Baina organo oso ederra da, musika mota asko egiteko aukera ematen duena, eta gure zerrendan sartu dugu.

Bildumako 14.diskoa izango da Orion grabatutakotik ateratakoa. Gainera, aitzindariak izan dira, lehenengo aldiz grabatu baita organo berriaren ahotsa.

Diska martxorako

Bi ataletan banatuko da Orioko organoaren hots oihartzuna zabaltzen lagunduko duen diska. Organorako errepertorioari errepasoa emango dio aurreneko atalak, XVI. mendetik hasi eta Bachetik pasata Guridirengana, 60.hamarkadara iritsi arte. Bigarrenak, berriz, euskal musika izango du oinarri. Tomas Garbizu konpositore modernoaren musika erlijiosoa eta Guridiren moldaketak bilduko ditu. Horrez gainera, bi atalak lotzeko fraide izandako eta gregoriano estiloan ezaguna den konpositore frantziar baten Noel Basque lana hartuko du bere baitan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide