Euskaltzaleen topaguneak gure ardura pertsonal eta kolektiboa aktibatzen izenburupeko topaldia (hamaikagarrena) antolatu du datorren urtarrilaren 30erako. Hizkuntzarekiko motibazioa oinarri hartuta, motibazioaren eta barnebiltzen dituen kontzeptuen definizioa zehazteaz eta kasu praktikoak aztertzeaz gain, Jon Sarasuaren Hiztunpolisa liburuaren ekarpenei buruzko mahai ingurua hartuko du bere baitan jardunaldiak.
Euskara hizpide hartuta arituko da bertan besteak beste Iñigo Fernandez oriotarra bertan. Iñaki Martinez de Luna eta Belen Uranga izango ditu mahaiaren bueltan lagun, Maite Artolak zuzenduta. Sarasuaren liburuari ikuspegi askotatik heldu dakiokeela–politikatik, soziolinguistikatik, komunikazioaren esparrutik, psikolinguistikatik– eta esparru ezberdinetako jendea elkarrizketan jartzea interesgarria dela iritzita, erakargarri ez ezik, aberasgarri ere ikusten du Fernandezek topaldia.
Hautsak harrotuz
Nahikoa hauts ari da harrotzen Sarasuaren azken lana. Fernandezen ustez denbora beharko da jendeak liseritu, eztabaidatu eta, neurri batean edo bestean, bere egin ostean, diskurtso eta ekintzetan igartzen has dadin. Euskalgintzan eragina (bai orain eta baita hurrengo belaunaldietan) izango duela seguru dago Fernandez, eta denborarekin, euskalgintzatik haratago ere zer esana izango duela uste du; mugarri izango dela liburu, hizkuntza baten inguruan bizi den komunitate baten arazo existentzialaz baitihardu liburuak hein handi batean.
Euskararen legea onartu zirela hiru hamarkada dira eta euskara normalizatzeko bidean lan asko egin bada ere ordutik hona, euskalgintza, ideia, diskurtso eta ekimen berrien falta sumatzen du Fernandezek ziklo baten bukaeran eta beste baten hasieran gauden honetan. Alde horretatik une ezin hobean etorri da Sarasuaren liburua Fernandezen hitzetan: eta mamitsu gainera, pentsamendu-lurzoru bat eta estrategia berriak sortzeko gako garrantzitsuak eskainiz.
Ahoz aho dabilen lan hau zein komunitateri zuzendutakoa den galdetuta, euskalgintzan diharduten guztiek eta euskalzale jantziek nahitaez irakurri beharreko liburutzat du oriotarrak Hiztunpolis. Horrez gain, liburuko ideia nagusiak eta ikuspegi orokorra euskaldun guztiengana zabaltzea lorpen handia litzatekeela aitortzen du: euskal irakurleak erraz irakur dezake liburua hiztegira joan beharrik gabe. Euskara frexkoa darabil, hitz berriren batzuk asmatuz, hitz jokoak eginez eta abar, eta halakoek indarra, nortasuna eta xarma, behintzat, ematen diote testuari.
Durangoko Elkartegian (Landako erakustazokaren ondoan) izango da egun osoko jardunaldia eta bertan parte hartu nahi duenak urtarrilaren 26a baino lehen eman beharko du izena hemen. Matrikulatzeko 30€ ordaindu behar dira, eta bazkaria barne izango du.
Egitaraua
09:00 Harrera
09:30 Topaldiari irekiera. Mikel Irizar, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea.
09:45 Motibazioaren kontzeptualizazioaz. Xabier Erize eta Iñaki Martinez de Luna:
- “Nire motiboak ditut euskararen eta erdararen inguruan egiten dudana egiteko, galdetuko dizkidazue eta kontuan hartuko dituzue?”(Xabier Erize)
- “Motibazioen amaraunean eragiteko ikuspegiaz” (Iñaki Martinez de Luna).
10:45 Mintzapraktika egitasmoetako parte hartzaileen motibazioaz. Iñaki Iurrebaso.
11:15 Atsedena
11:45 Euskaldunberrien auto-pertzepzioa: hiztun legitimoa naiz? Esti Amorrortu.
12:30 Gazteen motibazioa sustatzeko baliabideak. Rosa Ramos eta David Anaut.
13:00 Hedabideen egitekoez gertuko euskal komunitatea indartzeko. Iban Arantzabal, Julen Arexolaleiba.
14:00 Bazkaria Plateruena Kafe Antzokian.
16:00 Arratsaldeko saioaren sarrera.
16:15 Mahai ingurua eta eztabaida irekia
Gaia: Hiztunpolisa liburuaren ekarpenaren irakurketa, Jon Sarasuak liburua aurkeztuta.
Mahaikideak:
- Iñigo Fernandez Ostolaza
- Iñaki Martinez de Luna
- Belen Uranga
Moderatzailea: Maite Artola
18:00 Bukaera