Urola Kostako bizilagunei lana bilatzen laguntzeko plana abian du Urola Kostako Udal Elkarteak. Plan horren baitan, besteak beste, ikastaroak antolatu ditu urtarrilerako eta otsailerako. Lau ikastaro mota emango ditu denera, curriculuma lantzen ikasteko, Internet bidez lana nola bila daitekeen jakiteko, hautaketa probak prestatzeko eta aurkezpenak nola egin behar diren ikasteko.
Ikastaroan parte hartu nahi duenak 943 890 808 telefono zenbakira deituta edo osainz@urolakosta.org edo vgarcia@urolakosta.org helbideetara idatzita eman beharko du izena.
Zure lan bilaketa hobetzeko CV-a landu
Curriculum ereduak ezagutu eta norberaren helburuekin bat datorrena aukeratzeko irizpideak emango dituzte ikastaro honetan. Urtarrilaren 17an izango da saioa Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan –Urdaneta bidea, 6–, 09:00etatik 12:00etara.
Internet eta enplegua. Enplegu atariak
Interneteko enplegu atariak, enpresa zerrendak eta prestakuntza baliabideez arituko dira bertan urtarrilaren 24an eta 31n. Ikastaro guztiak bezala, Abendañoko egoitzan izango da hau ere, goizez, kasu honetan 09:30etik 11:00etara.
Hautaketa prozesuak ezagutu
Banakako elkarrizketan trebatzeko balioko du ikastaro honek. Otsailaren 7an izango da, 09:00etatik 12:00etara.
Aurremarketinga eta aurkezpenak
Norberaren marketing egiteko gaur egungo baliabideak ezagutzera bideratutako saioa da. Urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean eskainiko dute.