Aiako Udalak eta Aiako idi proba elkarteak antolatuta, gurean ez-ohiko samarrak diren kirol modalitateak gertuagotik ikusteko eta probatzeko aukera izan zen atzo, urtarrilaren 19an Aian. San Anton egunaren aitzakian antolatutako festak jende asko erakarri zuen frontoira eguerdi partean. Kirol erakustaldiaz gain, zenbait aiarrek egindako taloa –konpainia onarekin, jakina– jateko aukera ere izan zuten bertaratutakoek.
12:00etan hasita, Joxe Lapazaran eta Joxe Mari Atutxa aritu ziren nor baino nor lasto-altxatzea-n, ingudean eta lasto-botatzea-n. Eskarmentu handiko gizona da Lapazaran markinarra herri kiroletan: 18 aldiz izan da lasto-altxatzeko Euskal Herriko txapeldun, 3tan gurdiarekin, behin zaku lasterketan eta 3 bider sokatiran. Atutxa dimarra ere askotan jarduna da lasto fardoa gora jasotzen. Modalitate horretako Bizkaiko txapeldun izana, hiru aldiz izan da hirugarren Euskal Herriko txapelketan.
Lasto-altxatzeari ekin zioten aurrena bi aurkariek 12:00k inguruan. Sokari goitik behera tiraz 45 kiloko lasto fardoa 7 metroz altxatzea zuten helburu. 8 jasoaldi egin behar zituen Lapazaranek eta Atutxak, berriz, denbora bikoitzean 15 egitea zuen erronka.
Ingudearekin hasi ziren gero lanean. 43ri altxaldi egin zituen Atutxak 45 segundotan. Denbora bikoitzean altxaldi kopurua ere bikoiztea zuen helburu Lapazaranek. 88 bider jo zuen 18 kiloko ingudeak goia 90 segundotan.
Lasto-botatzearen txanda izan zen gero. 12 kiloko lasto fardoa sardearekin heldu eta altuera zehatz batean zegoen makila behera bota gabe alderik alde pasatzeko lana hartu zuten bi kirolariek. 4 metroko muga gainditu ezinik geratu zen Atutxa. Lapazaranek, aldiz, makila 5 metro eta 80 zentimetroko garaieran utzi zuen.
Ondoren gure artean gutxi zabaldutako kirol modalitate horiek probatzeko aukera eskaini zuten. Haur eta helduak hurbildu ziren batez ere lasto-altxatzea eta ingudea probatzera. Animo eta txalo artean, barre algara galantak ere izan ziren frontoian.
Argazkiak ikusteko klikatu hemen.