Denetariko musika bertsio gauaren laugarren edizioan

Miriam 2014ko urtarrilaren 20a

Musika estilo desberdinak eta giro ederra nagusitu ziren bertsio gauean

Orion Musik Apest izenpean, bertsio gaua antolatu zuten gaztetxeko kideek Etxeluzen joan den ostiralean, urtarrilaren17an. Urtero bezala, gustuko abestien bertsioak oholtza gainean jotzera animatu ziren herriko gazteak eta bisitariak. Aukera polita izan ohi da bertsio gaua musikan jarduten direnek gozatzeko eta askorik ez dakitenek jendaurrean jotzea zer den ezagutzeko.

Giro paregabea jarri zuten eta musika estilo desberdinak entzun ziren gaztetxean, punk doinuetatik hasi eta trikitixa erritmoetaraino. Horien artean, aita-seme bikote baten bertsio akustikoak entzun ziren, eta asanbladako kideak Niko Etxartez mozorrotu eta Eskual Rock&Rollin abestia eskaini zuten.

Bost taldek eman zuten izena aurrez, baina azkenean zazpi izan ziren agertokian jardun zirenak. Ikuskizunik ez zen falta izan, ezta bertsio guztiak amaitu ondoren bere propioak egitera animatu ziren espontaneoak ere. Publikoa ere ez zen atzean geratu, jende ugari gerturatu zen derrigorreko zita bihurtu den ekitaldi hau ikustera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide