Danbor hotsak hartu zituen bi ikastetxeak San Sebastian egunean

Miriam 2014ko urtarrilaren 21a

Urtero aritzen dira haurrak danbor eta atabalak astinduz

Orioko ikasle gaztetxoenek danborraren erritmora ospatu zuten San Sebastian eguna atzo, urtarrilaren 20an. Ohiturari jarraituz, danborradak egin zituzten bi ikastetxeetan.

Kiroldegian bildu ziren Orioko Herri Ikastolakoak arratsaldez, Haur Hezkuntzako 3 urteko haurretatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 2. mailakoetaraino. Biboteak margotuta eta berek egindako txapelak buruan zituztela, Donostiako Martxa eta beste hainbat abesti jo zituzten jendez betetako harmailen aurrean.

Zaragueta Herri Eskolan, berriz, pasilloetan zehar eta eskolako patioan jardun ziren Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleak. Alai aritu ziren ibilbidean, gainontzeko ikasleak geletatik ateraz. Saioa amaitzeko Donostiako Martxa azken aldiz jo zuten eskolako sarrera nagusian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide