Oteizaren katalogo arrazoitua kaleratuko du Nerea argitaletxeak udaberrian

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko urt. 21a, 11:24

Eskultore oriotarraren 2.800 lan bildu ditu bertan Txomin Badiolak

Jorge Oteizak eskultura alorrean egindako hainbat eta hainbat lan bi liburukitan bildu ditu oraintsu Txomin Badiola eskultoreak, Altzuzako Oteiza Museoko arduradunen enkarguz. 1000 orrialde baino gehiagoko lana osatu du Badiolak, Oteizak 1908 eta 2003 urte artean egindako 2.800 eskultura-lani buruzkoak jasoz bertan. Bost urte baino gehiago eman ditu Badiolak katalogoa osatzeko zereginetan.

Ikuspegi figuratiboko lanak bilduko ditu 600 orrialdeko lehen liburukiak. Bigarrenak, berriz, ikuspuntu abstraktukoak jasoko ditu 400 orrialdetan. Bietan jatorrizko lanak, bertsioak, aldaerak, serieak... aurki daitezke.

Gazteleraz eta ingelesez argitaratuko ditu liburukiak Nerea argitaletxeak datorren udaberrian, hasiera batean 2013rako espero bazen ere lana. Besteak beste, Oteizaren lana Euskal Herriko mugetatik atera eta zabaltzea du helburu proiektu berri honek, eta horregatik, egin dute ingelesezko bertsioa. Izan ere, Badiolaren hitzetan Oteizaz oso gutxi dakite hemendik kanpo eta katalogo arrazoitua merkatu-tresna bat izango da.

80 bat euro kostako dira bi liburukiak. Bertan, lan bakoitzari dagokionez, izenburua, data, neurria, materiala, lan mota, lokalizazioa eta jatorria izango ditu irakurgai liburukia eskutan duenak.

Liburukiez gain, Oteiza Fundazioaren eskutan geratuko den lana egin du Badiolak. Oteizak egindako lanen hainbat ezaugarri bildu ditu bertan: hasierako eta ordezko izenburuak, lan mota, neurriak, materiala, zein garaitan pentsatua izan zen, eta zein garaitan egina, lanaren jatorria, jabetzarekin lotutako kontuak...

Kaosa antolatzen

Zeregin zaila iruditu zaio Badiolari Oteiza Fundazioko kideek eskatutakoa, kulturklik atarian adierazi duenez. Oteizak bere lana merkaturatzeko ahalegin guztiak saboteatzen zituela jakinda, gogorra egin zaio kaotikoa izan nahi duen hori antolatzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide