Urola Kostako Udal Elkarteak hiru ekimen berri ditu abian

Olatz 2014ko urtarrilaren 21a

Eskualdeko herrietako enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu dituen ekimenak jarriko ditu martxan

Enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuz, hiru ekimen berri aurkeztu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak.

Enpresen lehiakortasuna indartuz

Eskualdeko enpresentzako jardunaldi bat antolatu du Urola kostako Udal Elkarteak euren lehiakortasuna sustatze aldera. Jardunaldia urtarrilaren 24an ospatuko da eta Urola kostako enpresa txiki eta ertainei dago zuzendua.

Ostiralean, urtarrilaren 24an, izango da ekitaldia eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Bertan, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako 2014ko diru-laguntza programen gida adieraziko da. Diru-laguntzak eskuratzeko aurkeztu beharreko proiektuaren urratsak azalduko dira, eta amaitzeko, Udal Elkartearen 2014ko prestakuntza programaren aurkezpena egingo da.

Eskualdeko enpresei bultzada

Enpresen barne proiektu berriek indarra eta oihartzuna izan dezaten, Urola Kostako Udal Elkarteak egitasmo bat jarri du martxan “Gipuzkoa, Ekiten duen lurralde gisa sustatzeko” programaren barruan. Enpresaren lehiakortasuna sustatzeko proiektua abian jartzekoa asmoa duten enpresei dago zuzendua. Jada eskuartean ekimen bat izatea ez da beharrezkoa, izan ere, programa honen bidez proiektu bat sortzeko eta garatzeko laguntza emango da.

Edozein sektoretako eta tamainako enpresek hartu dezakete parte, eta landu nahi diren proiektuak arlo guztietakoak dira, besteak beste: lankidetza proiektuak, produktu eta zerbitzuen diseinua, produktu edo proiektu berrien bideragarritasun plana, produkzio sistemaren hobekuntza, packaging berdiseinua, negozio aukera berrien bilaketa, lehiakideen prospekzioa, desberdintzeko estrategiaren garapena, bezeroei gerturatzeko estrategiaren garapena, enpresaren antolaketaren hobekuntza…

Enpresa partaideek 45 orduko prestakuntza jasoko dute barne-ekintzailetzako proiektua gauzatzeko. Kanpo aholkulari baten eskutik 6 orduko tutoretza jasoko dute eta 20 orduko laguntza teknikoa izango dute Udal Elkarteko teknikari batekin.

Proiektu hau diruz lagunduta dago %100ean, beraz, enpresentzat doakoa izango da.  Partaide kopurua mugatua izango da eta hautaketa prozesu bat egingo da.

Giza baliabideak kopetentzietan oinarrituta kudeatuz

Pertsonen garapen kultural eraikitzailearen bidetik landu eta giza baliabideak konpetentzietan oinarritutako sistema baten bidez gestionatzea da programaren helburua. Horretarako, parte-hartzen duten enpresei aholkularitza eta laguntza emango zaie. Kontseiluak gai horretan ezagutza handiko enpresa batek eta Urola Kostako Udal Elkarteak emango dizkiete.

Egitasmoa musu-truk izango da, proiektua diruz lagunduta baitago Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Jardunaldietan izena emateko bi bide daude: emailez (enpresa@urolakosta.org) edota telefonoz (943890808). Lehiakortasuna sustatzeko proiektuen eskaerak ere euskarri horiek erabilita egin daitezke urtarrilaren 28a baina lehen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide