Ingelesa ikasi eta erabilera ezagatik galtzeko beldurra dutenek aukera izango dute urtarrilaren 30etik aurrera hizkuntza praktikatzeko. Chatting saioak antolatu dituzte ostegunetan 17:00etatik 19:00etara Antilla tabernan. Beste herrietan, Zumaian eta Zarautzen esaterako, egin diren ekimenak eredu hartuta, eta haien arrakasta ikusiz, Orion ere mintza praktika saioak egitea egokia iruditu zitzaien antolatzaileei.
Mintza praktika hauetan parte hartzeko ez da hizkuntza maila berezirik behar, nork bere ingelesa praktikatzeko eta hobetzeko gogoa baizik. Ordutegia eta parte hartzea irekiak izango dira, eta mintzalari bakoitzak ondo datorkionean parte hartu dezake hitzordura agertuz.