"Saharar lagun batek esan zidan haurrak ekartzeko jendea behar zutela eta berotu egin nintzen" - Arantxa Arrillaga

Miriam 2014ko urtarrilaren 23a

Arantxak hiru urte daramatza hamaika urteko Fadala sahararra ekartzen udan bi hilabete pasatzera eta bere esperientzia kontatu digu

Zerk bultzatu zintuen Saharako ume bat ekartzera?

Nik lehen etorkinekin egiten nuen lan eta bertan sahararrak ezagutu nituen. Haietako batek esan zidan jendea behar zutela, azken aldian haur gutxi etortzen zirela... eta berotu egin nintzen.

Asko jaitsi da udan etortzen den haur kopurua?

Bai, lehen Orio eta Aiara 18 ume inguru etortzen ziren eta aurreko udan hiru bakarrik. Bat Marrotara, beste bat tren geltoki ondora eta geurera bestea.

Zer suposatzen du zuretzat Fadalaren presentziak?

Lan handia da. Guk ez daukagu seme-alabarik eta gauza asko aldatzen dira egun batetik bestera. Bat batean amaren ardurak hartu behar dituzu, eta askotan bi aste pasatzen dira benetan etxean ume bat daukagula eta gauzek beste modu batera funtzionatzen dutela konturatzen garen arte. Zorionez Fadala oso neska alaia, maitekorra eta irekia da eta horrek betetzen gaitu. Hizkuntza aldetik ere euskara erraz harrapatu zuen. Geure etxera lehen aldiz etorri baino lehen, aurreko udan Elorrioko etxe batean egon zen. Hori dela eta geuk ez genuen pasatu hemengo bizimoduarekiko lehen kontaktu eta moldaketa prozesu hori. Batzuek kontatu digute lehen aldiz etortzen direnean, komuna, iturria eta horrelako gauzak ez dituztela ezagutzen.

Desberdintasun handia egongo da bizimoduen artean. Gogoz etortzen al da?

Bai, nik ikusten dut berak oso ondo pasatzen duela hemen, eta etorri nahi duela. Beti esaten digu hurrengo urtean berriz etorri nahi duela. Hala ere nik uste dut badituztela beraien momentu makurrak. joan nahi dutela baino gehiago, aspertuta daudela. Lehen ez dakit, baina orain gertatzen dena da kosta egiten zaiela lagunak egitea. Saharan umez inguratuta daude denbora guztian eta hona etortzen direnean bakarrik daude ia.

Hara itzultzerako garaian inpaktu handia al da beraientzat?

Fadalaren kasuan, hemen dagoen azken astea beste mundu batean bezala pasatzen du. Hitz egiten diodanean ez dit kasu askorik egiten, burua Saharan dauka eta urduri egoten da. Bai joan behar duelako eta baita gauza asko eraman nahi dituelako. Joateko gogo falta baino urduritasuna da gehiago, bueltatzeko desiratzen egoten baita.

Nolakoa izan zen zure familiaren erantzuna Fadala ekartzea erabaki zenuenean?

Babes handia izan dut familiaren aldetik eta asko lagundu didate, batez ere azken urteetan. Aurreko udan adibidez, denda genuen ordurako eta hasiera batean haurra ez ekartzea erabaki nuen, lan gehiegi izango zelakoan. Baina ahizpak animatu ninduen eta bion artean kargu egingo ginela erabaki genuen. Familia oso gustura dago Fadalarekin. Oso ondo moldatzen da guztiekin; nire gurasoei aitona eta amona deitzen die eta poz-pozik daude beraiek.

Inoiz joan al zara Saharara?

Ez. Lehen banuen gogoa hura ezagutzeko baina orain ez hainbeste. Nire egoera aldatu egin da eta jendearen esperientziak entzun ondoren ideia hori pixka bat aldentzen joan da niregandik. Umeak galdetzen dit ea noiz joango naizen, eta batzuetan pentsatzen dut agian bere familia ezagutu beharko nukeela, baina oraingoz ez daukat Saharara joateko asmorik.

Umea ekartzen jarraituko duzu?

Beraiei bukatu egiten zaie aukera, lau uda bakarrik pasa ditzakete hemen. Fadalak hiru urte daramatza gure etxera etortzen baina Euskal Herrian lau aldiz egon da jada, orduan ez dakigu berriz etorri ahalko duen. Fadala berari tokatzen bazaio etortzea ekarriko dut, baina beste bat bada ez. Esperientzia jada probatu dut eta ez da hain erraza. Gainera nire egoera ere aldatu egin da eta dendarekin zailagoa egiten zait dena uztartzea.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide