Etxetik oholtzarako saltoa
Rosi Lazkano, Elkano auzoan jaioa, bertan izan zen. 2010. urteko urriaren 12an jo zuen Orioko bertso-eskolako atea, 50 urte betetzen zituen egunean. Pauso txiki hori emateak aldaketak handiak ekarri dizkio. Hurrengo udaberrian, 2011an, hartu zuen parte lehen aldiz jendaurreko saio batean; Korrikako taldekako txapelketan hain zuzen ere. Baina umetatik datorkio bertsozaletasuna Lazkanori. Etxean, jolas moduan, kantuan aritzen baitziren bederatzi anai-arrebak. Guztietatik gazteena da Lazkano; larunbateko saioan, aldiz, bera izan zen zaharrena.
Emakumeak eta bertsoa
Historiako bertsolaririk ezagunenen irudiak ikusi ziren Kursaaleko pantailan. Guztiak, gizonezkoak. Txirrita, Uztapide, Xalbardor eta Pernando Amezketarra, besteak beste. Historian horrelako aitormenik izan ez duten beste bertsolari batzuk ere agertu ziren pantailan. Emakumezkoak denak: Inaxi Etxabe, Justina Aldalur, Maria Luisa Petriarena, Joxepa Inazi Azkune eta Bizenta Mogel, esaterako.
Bizitzan emakumeek izan ez duten aukera eta aitormenari egin zioten kantu taula gaineko bertsolariek. Generoaren gaiari ikuspegi ezberdinetatik heldu zioten, beraz. Aipagarria izan zen Eliasek hiru belaunalditako emakume bana, Lazkano barne, sofa batean elkartu zitueneko bertsoaldia. Lehenik sexualitateaz aritu ziren; eta gero, hilekoaz.
Saio arrakastatsua izan zen larunbatekoa. Bertsolariek txalo zaparradak jaso zituzten bai saioan zehar baita amaieran ere. Bertaratzeko aukera eduki ez zenutenontzat, hona hemen EiTBk grabatutako saioa.