Independentziaren inguruan jardun zen pasa den astean, hilaren 23an, Pako Aristi. Salatxo aretoa lepo zegoen, eta bertaratutakoak adi egon ziren Aristiren azalpenak entzuten. Independentzia oinarritzat zuen hitzaldiak, eta askatasun honetan eragina duten hiru faktore aipatu zituen: historia, diagnostikoa eta estrategia.
Historia
Hezkuntzaren bitartez historiaren transmisioa eman daitekeela eta eman behar dela uste du Aristik. Hortaz, historian hezkuntzak garrantzia itzela duelakoan dago, izan ere, historiak egungo errealitate honetara nola iritsi garen erakusten digu. Indarrean jartzekotan den Wert legeak transmisio honi min egingo diolakoan dago, jakintza hori eskuratzea zailagoa izango baitzaigu.
Diagnostikoa
Errealitatea ondo ezagutzen laguntzen duen lupa da diagnostikoa. Ezagutza horrentzat kaltegarria da medioek eta jakitunek mezu edota ideia ezberdinak edukitzea. Aristik adibide batekin ekarri zuen ideia hau: "Medioek PSOE Bilboko manifestaziora zergatik joan ez zen galdetzen zuten bitartean, Arnaldo Otegik zioen independente izan nahi zuen lurralde batean PSOE eta PP beti izango direla espainiar estatuaren defendatzaile eta ordezkari".
Aznarren esanak ere ekarri zituen gogora: "Gaur irakurri dut politika negoziatzearen artea dela; eta bai, horrela da. Gauza bat salbu, ezin dela negoziatu. Aurrekontuak bai, baina herriaren existentzia negozia ezina da". Aristik bat egiten zuen presidente ohiak zioenarekin, eta gehitu zuen "hark Espainiaz zioen. Guk hori Euskal Herriaz esan behar dugu".
Estrategia
Errealitatea nola gainditu erakusten digun politikaren alorra da, eta horretarako, estrategen beharra dagoela azpimarratu zuen.
Arestian aipatutako hiru zutabeak antolatzeko hiru bertute ezinbestekoak direla irizten dio Aristik: maitasuna, indarra eta adimena.
Herritarrak parte-hartzen
Galdera irekien saioan, aldiz, entzule aktiboaren papera berretsi zuten, eta galdera sorta ederra egin zituzten. 30 minutu luze egon ziren solasean Aristirekin, iritziak elkarbanatzen. Galderak dituzue jarraian, erantzuna jakin nahi izanez gero, egin klik galderan bertan.
- Azken zortzi urtetan, ze prozesu gauzatu da Katalunian egoera horrenbeste aldatzeko?
- Herriak lidergo egokiarekin topo egin beharko du askatasuna lortzeko?
- Zer egin dezakezu gauden tokian egonda eta ditugun tresna eta baliabideak edukita?
- Gure benetako ideiekin iruzur egiten diguten politikariei konfiantza erretiratu beharko genieke?
- Orduan, irtenbidea konstituzio propioa idaztea da?
- Ezberdina da aurkariaren tresnak erabiltzea zure askatasuna lortzeko; eta bestea, arerioaren baitan dagoela zure askatasuna, ezta?
- Lehenengo urratsa egiten ditugun akatsak detektatzea litzateke?
- Gure askatasun dinamikaren muina ez datza gugan, baizik eta sistema inperialistan.
- Gure estrategia bat antolatzeak esan nahi du herriarengan sinestea?
- Estrategia zein den badakigu?