Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia Oriora etorri zen atzo, urtarrilaren 29an, Gipuzkoako herri desberdinetara egiten ari den bisiten artean. Bertako herritarren eta elkarteen egoera eta kezkak gertutik ezagutzeko asmoz etorri zen, eta horretarako eragile desberdinetako ordezkariekin bildu zen egunean zehar. Berarekin batera, Arantza Ruiz de Larrinaga, Herritarren Partaidetza zuzendaria; Pedro Iturbe, Lurralde Garapeneko zuzendaria; Joseba Altube, Bide eta Errepideetako zuzendaria; Asier Sarriegi, Kirol zuzendaria; Zigor Etxeburua, Euskara zuzendaria eta Ainhoa Iraola Ingurumen zuzendaria egon ziren Orion.
Goizean, udal ordezkari eta teknikariek harrera egin zioten udaletxean, eta Arrantzaleen Kofradiako ordezkariekin bildu zen ondoren. Lehenbizi udaletxean egon ziren eta kofradia ikustera joan ziren gero.
12:30etan Kultur Etxera iritsi ziren, eta bertan euskara eta kultura eragileekin eseri zen mahaian Garitano. Euskaraz Bizi-Bizi udal programa azaldu zuen Jabier Zabaleta euskara teknikariak. Iñigo Gaitonek eta Ainhoa Zumetak Orioko Curriculumaren proiektuari buruz ere hitz egin zuten.
Karkaran ere izan genuen diputatu nagusiari proiektu berriaren berri emateko aukera. 28 orrialdeko hamabostekaritik 40ko hilabetekari izatera pasatu garela kontatu genion, eta baita webgunea indartzeko ahalegina egiten ari garela ere. Aldaketa prozesu honetan, herritarren parte hartzeari garrantzia eman nahi diogula, eta beraz, bulegoko ateak kezka eta proposamenak jasotzeko irekita daudela azaldu genion Garitanori.
Bentako bidea, Anibarko Portua, Orioko Udal Kanpina, Motondo eta Gureakeko lantegi izan zen eraikina bisitatu zituen Foru Aldundiko ordezkariak egunean zehar. Bisita amaitzeko, herritarrekin bilera irekia egin zuen kultur etxean arratsaldean. Herritarren galderak, kezkak eta iritziak entzuteko tartea egin zuen bertan.