Olatuak herrira sartu zirenekoa...

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko ots. 2a, 15:47

Txikizioak egin ditu bart itsaso zakarrak

Aspaldiko urte luzeetako txikiziorik handienak eragin ditu bart itsaso zakarrak Orion. Marea biziek, azken egunetako euriaren ondoriozko ibaien emari handiek eta itsas denboraleak, bat eginda, sekulako indarra hartu dute gaur goizaldera. Ondorioz, gizakiak jarritako mugak gainditu eta bere bidean aurrera jarraitu dute olatuek, asfalto gainean txirrist eginez.

Hondartza inguruan txikizioak eragin ditu: kanpoko barra eta eskoilerako zati bana puskatu dute olatuek; sorosleen gelako atea lehertu eta barruko guztia hankaz gora jarri du itsasoak; Txalupa tabernako pertsiana puskatu eta barruraino sartu dira olatuak; umeen jolas parkean ere ibili da ura; ahateek ere ohi baino putzu handiago dute gaur beren bainurako eremuan; errio alboko pasealekuan ere etengabekoak dira arrastoak, makilak, kortxoak...; bi harri handi utzi dituzte olatuek arranpla alboan; Ikastola aurreko jolas-parkean ere ibili da olatua.

Alerta gorrian zegoen euskal kostaldea atzo; gaur, berriz, alerta naranja jarri dute. Ondorioz, itsas ertzera ez hurbiltzeko aholkua eman dute. Gainera, udaltzainek etengabe zainduko dute Antilla hondartzako eremua.

Itsaso nahasiari etekinik atera dionik ere izan da, dena den, goizean. Errioan surf egiten aritu dira surflari batzuk, esate baterako.

Argazki gehiago ikusteko klikatu  hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide