Ostalaritza eta turismoaren sektoreekin zerikusia duten enpresei zuzendua, Konpromisoa Kalitate Turistikoarekin izeneko ziurtagiria lortzeko ikastaroak martxan jarri dituzte Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulego eta udalek. Sektore turistikoa profesionalizatzea da programa honen helburua; Eusko Jaurlaritzak kalitatea sustatzeko hasi zuen eta eskualdean 2006an jarri zuten abian. 60 enpresa baino gehiagok lortu dute ziurtagiria geroztik.
Prestakuntza-ikastaro bat egingo dute programan parte hartzen dutenek. Jardunbide Egokien Gidaliburua oinarri hartuta, enpresek bere kudeaketa eta bezeroen asebetetzea hobetzea izango dute helburu. Hori gainditzen dutenek Konpromisoa Kalitate Turistikoarekin izeneko ziurtagiria jasoko dute, eta bere jarduera SICTED sistemak ezarritako irizpideen arabera betetzen dutela egiaztatuko dute.
Otsailaren 5ean egingo dute programaren aurkezpena, 9:30etan Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, Zarautzen eta lau zikloko ikastaroa otsailaren 19an hasiko da. Bertan parte hartu nahi duten enpresek otsailaren 4a baino lehen eman beharko dute izena Orioko Turismo Bulegoan, 943 83 55 65 telefono zenbakian edo orioturismo@gmail.com helbide elektronikoan.
Kalitatearen alde egitea balio erantsi bat dela uste dute programako antolatzaileek, hori eta etengabe hobetzeko ahalegina eskualdeko turismoaren bereizgarri direlako. Horregatik, sektoreko enpresei programan parte hartzeko deialdia egiten diete eskualdeko turismo bulegoek.