Brontzea eskuratu du Imanol Garmendiak espainiako txapelketan

Olatz 2014ko ots. 3a, 15:31

Olinpiar jokoak ditu helburu Garmendiak, baita Zabala eta Carazo taldekideek ere

Espainiako Arraunergometro txapelketa jokatu zen pasa den larunbatean Sevillan. Podiumera igo zen Imanol Garmendia Maiz, Orio Arraun Elkarteko kidea. Brontzea eskuratu zuen, beraz, pisu arinen mailan.

Izatez donostiarra da Imanol Garmendia, baina zazpi urte daramatza Orio Arraun Elkartean. Ander Zabala eta Jon Carazo, aldiz, bizkaitarrak dira eta aurten etorri dira Orioko taldera. Hirurak Sevillan daude orain, FEReko selekzioarekin kontzentratuta. Hiru astez egongo dira bertan, Europa eta Munduko txapelketak prestatzen. Hiruren azken helburua 2016ko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea da.

Arraunketa olinpikoan ibiltzea da, hortaz, beraien xedea. Helburua lortzeko lanean dabiltza buru-belarri Orio Arraun Elkarteko hiru kideak.


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide