Atzo albiste izan zen Orioko hondartza ingurua denboralea zela eta. Itsasoak gogor astindu zuen eta igande goizean bistakoak ziren kalteak bai Orion, bai kantauriar kostalde osoan ere. Orioko udaleko zinegotziek eta teknikariek goizean egin zuten inspekzioa, eta triskantza handienak erdiko txosnan, surf taldeko lokalean, malekoian eta dunetan izan direla ziurtatu zuten. Argazkietan ere ikusi daiteke itsaso zakarrak sortu zuen hondamendia.
Gaurko egunez, denboraleak sortutako kalteak ikusita, Orioko Udalak honako ohar hauek ematen ditu:
1.- Segurtasun neurriak herritarrak babesteko hartzen dira. Beraz, Udalak herritarrei eskatzen die udaltzainen aginduak betetzea eta zintaz hesitutako eremuetan barrena ez ibiltzea.
2.- Udaleko teknikariak kalteak neurtzen eta soluzio posibleak aztertzen ari dira.
3.- Orioko alkatea, kostaldeko gainontzeko herrietako alkateekin bilduko da laster, elkarrekin egoera aztertzeko, soluzio bateratuen bila. Martin Garitano diputatu nagusia Orion izango da gaur goizean zehar, izandako kalteak 'in situ' ikusteko.