Antxon Agirre Sorondo hil da

Olatz 2014ko otsailaren 3a

Aia eta Oriori buruz hainbat liburu idatzi zituen. Azkena, 2011an: Orio, Oro Hori

Antxon Agirre Sorondo historialari, etnografo eta etnologoa (Donostia, 1946) zendu zen pasa den ostiralean, urtarrilaren 31an, 67 urte zituela.  Euskal Herriko herri kultura ikertzea zuen ogibide, hortaz, gai horri lotutako azterketak argitaratu zituen aldizkari eta liburuetan. Bere liburuen artean Oriori buruz idatzitakoak aurki daitezke, besteak beste, Orio, Oro Hori.

Orioko liburuaren erditze prozesua luzea izan zen. Egilea 2000. urtean hasi zen lanean liburu honetan eta 2005. urtean amaitu zuen. Argitaratzea, ordea, uste baino gehiago luzatu zen; sei urte hain justu. 2003an, liburua prestatzen ari zela aitzakia hartuta, Karkarak elkarrizketatu zuen Agirre.

70. hamarkadatik Orio ikertzen

Etnografia historiaren zati bat zela kontatu zigun Agirrek, historia ezin baitzuen ulertu etnografiarik gabe. Etnografia historia garaikidea dela uste zuen, historiaren amaiera. Baina bere burua ez zuen historialari edo etnografo bezala ikusten, ikertzaile bezala baizik. Atsegin zuena aitzineko gauzak ikertzea zen, eta horretan jardun zen urte luzez.

Ikertzen zuen horren inguruan idaztea zuen gustuko, eta forma ematerakoan beharrezkoak zituen historia eta etnografia. "Historian oinarritzen naiz, datuetan. Etnografia, ordea, elkarrizketak lirateke", azaldu zuen Agirrek. Horrela sortu zen Orio, Oro Hori. 70. hamarkadatik Orio ikertzen ari zen, hortaz, lanaren zati bat egina zuen.

Ikerketa lanak egitera Madrilera joan behar izan zuela ere aipatu zuen, sua dela eta Orioko nahiz Euskal Herriko artxiboetako liburuak erre baitziren. Artxiboko lan sakona egitea gustatzen zitzaion, besteen lana biltzea ez baitzitzaion zilegi iruditzen; ahalik eta erreferentzia gehien edukitzea zuen atsegin. Zerotik hasi eta bere bilaketaren baitan sortzen zuen, eta horretaz harro zegoen idazlea. Gainera, honela, gauza berriak aurkitzen zituela kontatu zigun, eta interesgarria izateaz gain pozgarria zela zioen.

Bat aipatzearren, ehizara joaten zen apaizaren pasadizoa kontatu zigun, zeina mozorrotu egiten zen ehizatzeko. Auzipetu egin zuten apaizak mozorrotuta joan ezin zuela argudiatuz, baina Agirrek XVIII. mendeko irudi bat aurkitu zuen non ehizara joateko mozorrotzen zirela ikusten den. Horrelako kontuek liluratuta uzten zuten ikerlaria.

Orio, Horia, Urrea

Udalaren laguntza izan zuen datuen bilketan, baita Maria Rosa Aierberena ere. Lan historiko eta etnografikoa egin, eta Orio herriaren historia laburtu zuen 234 orritan. "Ekonomia eta alderdi soziala, udal antolakuntza, ondare historikoa eta artistikoa, bizitza erlijiosoa eta bertako tradizioak biltzen ditu liburuak," adierazi zuen egileak.

Argi zeukan izenak borobila behar zuela izan. Buruan Orio, Horia, Urrea eta antzerakoak zituen. "Horia ez banderaren koloreagatik bakarrik, urre kolorearengatik. San Pedroren gorona urrezkoa da, armarrian ere dago, baita erretaulan ere, besteak beste", zehaztu zuen.  Orio, horia eta urrea hitzetatik sortu zen amaierako titulua: Orio, Oro Hori.

Liburuak, beraz, Orio herriaren historia laburtzen du.  Bera historiagile zuzena izaten ahalegintzen zen eta ekintza besterik ez zuen jartzen paperean. Iritziek, hortaz, ez zuten lekurik. Iritzia irakurleak eman behar duela uste zuen.

Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin beka deialdia batekin hasi zen guztia. Marta Truchuelok egindako lan mardula arindu nahian, eta liburu errazago bat egin nahian luzatu zuten beka. Epaimahaiak Agirreri eman zion beka, eta horren ondorio da Orio, Oro Hori. Udalaren desioa bete zuen Agirrek, izan ere, liburu irakurterraza idatzi zuen; sakontasuna kendu gabe arin irakurtzen dena.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide