"Dibinaren istorioa kontatzen du dokumentalak", Iban Egiguren

Olatz 2014ko otsailaren 5a

Ia bizitza osoa darama Dibina Lanberrik anguletan, eta errealitate hori ezagutzera eraman nahi izan du Egigurenek hiru ikaskiderekin batera

Angulak gaitzat hartu eta Dibina Lanberri Elizondo protagonista bihurtu du Iban Egigurenek –Orio, 1976– Dibina, bizitza oso bat angulatan dokumentala sortzeko. Zergatik angulak? Zergatik Dibina? Dokumentalaren nondik norakoak kontatu dizkigu Egigurenek, galderak argituz.

Nola sortu zen dokumentala egitearen ideia?
Donostiako institutuan euskal argazkilaritza profesionala ikasten nabil. Multimedia izeneko ikasgaian ikus-entzunezko bat egin behar genuen, eta nik, angulen gaia bota nuen. Ideia gustatu zitzaien, eta, hortaz, gaiaren lanketan jarri ginen buru-belarri.

Eta gaiari ze adarretatik heldu erabakitzea izan zen lehen pausoa.
Gaia bagenuen, baina protagonistak falta genituen; bagenuen zer kontatua; nola falta zitzaigun. Forma emateko lan tarte horretan Dibinaren semearekin hitz egin nuen, eta hark eman zidan bere amaren ikuspuntutik lantzeko ideia. 

Nor da ba Dibina Lanberri?
Xarma eta bizitasun berezia duen 76 urteko emakumea da. Bederatzi urtetatik aita eta anaiarekin ibili da arrantzan, eta azken urteetan kofradian bizi izan da. Dokumentala arrantzan pasa dituen 67 urteen laburpena da; Dibinaren bizitza kontatzen du, beraz. Arrantzaren eboluzioa ere ikusten da, zeharka bada ere. 

Martxan jarri, eta ohartzerako, amaitzear duzue dokumentala. 

Pare bat elkarrizketa grabatu dizkiogu Dibinari, horietako bat kofradian, eta hori izan da dokumentalean erabili duguna. Bestalde ilargi beteko gauetan eta hilbehera zegoenean sekuentzia batzuk grabatu ditugu itsasoan. Guztira lau grabazio egun izan ditugu. Horrez gain herriko argazki zaharren bilketa ere egin dugu, bera hitzez azaltzen ari dena iruditan ikusi ahal izateko. Orain, bukaerako fasean gaude. Edizioa amaitzear daukagu, borobiltzea besterik ez da falta. Hurrengo aste bukaerarako prest egotea aurreikusten dugu.

Orain arte egindako lanarekin gustura?
Amaitzeko gutxi falta den honetan oso gustura gaude egindako lanarekin. Azken emaitza falta da, baina dokumental polita izango denaren susmoa daukat.

Ikusi nahi duenak, nora jo beharko du?
Trailerra bezala, interneten zintzilikatuko dugu dokumentala. Sare sozialetan ere zabalduko dugu, hedapen handiago izan dezan.

Tailerra ikusteko klikatu hemen.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide