Azoka, tradizio bat arriskuan

Miriam 2014ko otsailaren 7a

Orioko zenbait merkatariren kexua medio, azokako saltzaileei tasak igo nahi dizkie Udalak; hori hala balitz, azoka desagertu egingo litzakeela diote haiek

Gerra zibilaren aurretik ere azoka egiten zen Orion. Kontatu ezineko urte mordoa dira, ostegunero-ostegunero, inguruko merkatariak herriko plazan biltzen direla beren produktuak saltzeko. Urte kopuru berdina Oriotarrak karrotxoa hartu eta horiek zer eskaintzen duten ikustera gerturatzen direla. Giro berezia sortzen da Orion ostegunetan, eta horrek, azoka tradizio bat baino gehiago bihurtu du. Urtez urte pixkanaka aldatuz joan da, baina bere izaera mantendu du. Saltzaile batzuk joan eta berriak etorri dira, baina badira astero postua jartzen 30 urtetik gora daramatzatenak.

AzokaUrtarrileko papereko Karkaran ageri zen bezala, herriko zenbait merkatari kexu ziren azokako saltzaileek ordaintzen zituzten tasekin. Hainbat proposamen eta eztabaidaren ostean tasa horiek bikoiztea erabaki zuen Udalak, metro karratuko eta eguneko 1,51 eurotik 3,02 eurotara. Merkatuko saltzaileak ez daude ados neurri horrekin.

Saltzaileen erantzuna

Hemen askok 35 edo 40 urte daramatzagu azokara etortzen. Gainera, krisia ez da dendetara bakarrik iritsi, geurera ere heldu da eta horrelako igoera bat gehiegizkoa iruditzen zait – Luis Gimeno, fruta eta barazki postua

Erabaki horren aurrean, azokako saltzaileek beren desadostasuna adierazi nahi diote udalari Gipuzkoako Saltzaile Ibiltarien Elkartearen bidez, eta horretarako, txosten bat prestatzen ari dira. Neurri horrekin hemendik bidali nahi gaituzte -dio azokako arropa saltzaile batek-; aurrera ateratzen bada ezin izango ditut tasak ordaindu eta etortzeari utzi beharko diot. Tasa horiez gain gastu gehiago izaten dituzte: kamioiak, gasolina, erantzukizun zibileko asegurua... ordaindu beharrekoa bikoiztuz gero gastu guztiei aurre egiteko zailtasunak izango dituztela diote aho batez saltzaile guztiek. 

Azoka eguna aprobetxatuz, ostegunean, otsailaren 6an, Udaleko kideekin bildu ziren Edurne eta Francisco Sanchez, merkatuko saltzaileen ordezkaritzan. Orioko Udalak ez omen du azoka erregulatzen duen ordenantzarik eta horri buelta eman behar zaiola diote. Beste herrietako tasen datuak aurkeztu zizkien udalak, baina horiek ez dietela balio dio Edurne Sanchezek: Zarautzen 3,70 euro ordaintzen dute saltzaileek, baina metro linealengatik eta ez metro karratuengatik. Geuri ere horrela kobratuko baligute ados egongo ginateke. Eta Getarian, adibidez, 2,58 ordaintzen dute metro karratua, geuk baino %50 gehiago gutxi gora behera. Baina bertara joaten bazara hiru postu bakarrik ikusiko dituzu.

Herriko denda bati gaizki badoakio azokaren errua dela aditzera eman nahi dute, baina ez da horrela. Herriko merkatariei eta geuri, azokako saltzaileei, geratzen zaiguna da azalera handiko saltokiek jan egiten gaituztela – Asun Martin, haurrentzako arropa postua

Azokako saltzaileak KPI kontsumo-prezioen indizearen arabera dagokien igoera ordaintzeko prest daude, baina ez orain pagatzen dutenaren %100 gehiago. Postu batengatik, 300 edo 500 euro inguru ordaintzen dute saltzaileek hilero, azaleraren arabera; zifra hori bikoiztuko balitz askok ezin izango lieke gastu guztiei aurre egin, kontuan izanik asteko beste egunetan beste herrietako azoketara joaten direla. Dendak dituztenek Ondasun Higiezinen gaineko eta Ekonomia Jardueren gaineko zergak eta beste gastu mota batzuk dituzten arren, azokako saltzaileek adina ordaintzen ez duten iritziari eusten dio Francisco Sanchezek. Bere alaba Edurnek dio martxa honetan azoka desagertu egingo dela Orion, urtebeteren buruan denok erortzen joango baikara, domino batean bezala. Eta azoka gabeko herri bat, herri tristea da.

Orio azokarik gabe?

Azokaren erabiltzaile diren oriotarrek, desagertuko balitz, pena hartuko luketela esan dute. Giro polita egoten dela dio erosle batek, eta ostegun goizetan kalera irteteko aitzakia izaten dela azoka. Beste erosle batek dio azokak ez diola kalte zuzenik egiten herriko merkataritzari, astean behin bakarrik baita. Gainera, Orion azoka desagertzeak ez du ziurtatzen jendeak herriko dendetan erostea, merkatura ohituta daudenak beste herrietakoetara joan daitezke eta.

null

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide