Aiako Udalak lagunduta, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) eta Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) hitzaldia eskaini zuten otsailaren 7an Aiako kultur etxean fiskalitatearen inguruko azken berriez jarduteko. Gipuzkoako Batzar Nagusietan hartutako erabakiek pertsona fisikoen gaineko zergan aldaketak dakartzatenez, nekazarien kasuan zertan eragiten duen adierazi zuten bertan EHNEko ordezkari Garikoitz Nazabalek eta ENBAko koordinatzaile Xabier Iraolak. 40 bat baserritar gerturatu ziren kultur etxera, han esandakoak adi-adi entzutera. Lurgintza eta Abelur gestio etxeetako ordezkariak ere bertan izan ziren.
ENBAko koordinatzaileak hartu zuen hitza lehendabizi azken urteko gorabeheren berri emateko. Amesgaizto gisa identifikatu zuen 2013 osoan Batzar Nagusiko kideekin izandako harremana. Gipuzkoako Diputazioak errenta aitorpena egiteko moduluak kentzeko asmoa zuela jakin bezain pronto hasi ziren besteak beste ENBA eta EHNE negoziaketetan nekazarien interesak defendatuz. Lehenik eta behin sektoreko eragileen arteko azterketa bateratu bat egin zuten, indarrak batu eta Diputazioaren aurrean elkarrekin aritzeko.
Negoziazioetan buru-belarri, diru-laguntzen izaera izan dute bereziki jomuga guztiek. Bi diru-laguntza mota jasotzen dituzte nekazariek: Europako fondoetatik datozenak (FEAGA) eta kofinantzatuak, hau da, administrazio lokalek finantzatzen dituztenak. Diputazioaren asmoa diru-laguntza horiek sarrera gisa kontatzea zen.
Gipuzkoako Aldundiarekin negoziatzen ari ziren bitartean, zergen gaia Legebiltzarrak izan zuen aztergai. EAJ eta PSE-EE alderdiko kideek akordio bat sinatu zuten bertan. ENBAko ordezkariaren hitzetan, akordio hori sinatzeko sozialistek jarritako baldintzetako bat moduluak ezabatzearena izan zen. Ondoren, PP alderdia ere ados agertu zen eta hitzarmen hori EAEko hiru lurraldeetara zabaldu da. Akordio horren arabera:
- Europako fondoetatik datozen diru-laguntzak guztiz salbuetsita daude; ez dira aitortu beharko.
- Kofidantzatutakoen artean, ICMaren kasuan %50 salbuetsiko da eta nekazaritza ingurumenetakoetan %52.
- Kapitaleko diru-laguntzen amortizazioa (inbertsioak egiteagatik jasotzen den diru-laguntza, normalean zifra handikoa), aldiz, 10 urtean zehar aitortuko dira eta zenbatekoaren %36 salbuetsiko da.
Ohiturak aldatu behar
Atzera bueltarik ez dagoela eta martxan jartzeko gomendioa egin zuten Nazabalek eta Iraolak. Sarreren eta gastuen balantzean oinarritutako sistemarekin hasi beharko dute errenta aitorpena egiten eta horrek ohitura aldaketa nabarmena dakarrela gogorarazi zien baserritarrei. Horrein inguruan zenbait zehaztapen eta aholku ere eman zituzten EHNE eta ENBAko arduradunek.
EHNEko teknikari Nagore Kortajarenak azaldu zuenez, pertsona fisikoari edota elkarte zibilari eragiten diete aldaketa hauek (baserritarrek duten txartel berdean jartzen ditu jabetzari buruzko datuak). Orain arte moduluen bitartez kalkulatu ohi zuten nekazari eta baserritarrek Jarduera Ekonomikoaren Etekina, beti ere Ogasunak zehaztatutako parametro batzuetan oinarrituta. Abeltzaintzaren kasuan bi ziren parametro horiek: hektarea kopurua eta abelburu kopurua. Ogasunak Foru Agindu baten bidez argitaratzen zuen parametro bakoitzaren urteko etekin garbia eta horien arabera egiten zuten urtero baserritarrek deklarazioa.
2014ko urtarrilaren 1etik aurrera moduluen bidezko kalkulua desagertuta, etekin garbia kalkulatzeko bi aukera dituzte baserritarrek:
- Zuzeneko Zenbatespen Arrunta erabilita: amortizazio teknikoan kengarria da, baina sarrera eta gastuen arteko diferentzian ez da hobaririk aplikatuko. Hau aukeratuz gero, aldaketaren berri norberak eman behar dio Ogasunari.
- Zuzeneko Zenbatespen Erraztuaren bitartez: amortizazio teknikoan ez da kengarria baina %35eko hobaria du arrera eta gastuen arteko diferentzia kalkulatzerakoan. Baserritarrentzat espresuki sortutakoa da.
Ohitura berriak hartzen joateko ondorengo aholkuak eman zituen Kortajarenak:
- Faktura guztiak ustiategiko titularraren izenean jarri behar dira. Ez du balio aitaren izenean dagoen argi-kontsumoko faktura batek esate baterako.
- Zorroztasuna eskatzen du sistemak. Egiten diren gastuak ondo justifikatu
behar dira eta justifikatzen ez dena irabazi gisa hartuko da.
-
Fakturak guztiak dataren arabera eta hiru multzotan gorde behar dira: sarrerak, gastuak eta inbertsioak.
- Dagozkion fakturak sortzea ezinbestekoa da bi multzotan banatuta: salmenta zuzenekoak (hilabete batean azokan edo kalean saltzen dena adibidez) eta bizitarako abere salmentari dagozkionak.
- Jarduerari lotutako eta norberari dagozkion gastu eta sarrerak ondo bereizi.
- Ahal diren gastu guztiak helbideratu.
- Ordainagiriak fakturei lotu.
- Diru-mugimendu guztiek idatzita egon behar dute.