Karela kiroldegian padel pista eraiki zutenetik Orioko eta inguruko herrietako jende asko animatu da kirol hau egitera. Hori ikusita, Guillermo De La Calle monitoreak Orioko lehen padel rankinga antolatu zuen ikastaroarekin batera. Bertan maila eta helburu desberdinak dituzten bikoteek parte hartzen dute, ranking bat izanik, beren moduko kirolarien aurka jokatzen baitute.
2013ko urrian hasi zen txapelketa; 5. jardunaldian doa orain eta beste 5 ditu aurretik. Jardunaldiak gutxi gorabehera hiru asteko denboran jokatzen dituzte, bakoitzak 23 partida dituelarik. 46 bikotek, hau da, 92 pertsonak parte hartzen dute rankingean; batzuek kirola modu serioagoan egiteko, ondo pasa eta jendea ezagutzeko beste batzuek. Ekainaren erdialdean txapelketaren azken fasea jokatuko dutela aurreikusten du De La Callek, rankingeko lehen 8 bikoteekin.
Otsailaren 9an 5. jardunaldiko 5 partida jokatu ziren eta hauek izan ziren emaitzak:
Loiti/Elejalde - Emparanza/Zipitria: 0-6 / 3-6
Erkizia/Ibarbia - Sanchez/Vega: 6-0 / 6-2
Velez/Ordoñez - Uzkudun/Aizpuru: 4-6 / 3-6
Azurmendi/Lukas - Garcia/Cruz: 6-4 / 6-4
Izaguirre/Atorrasagasti - Manterola/Larrañaga: 4-6 / 6-4 / 6-3