Urola Kostako Udal Elkarteak LanGunea 2014 programa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Eskualdeko langabeei eta lana galtzeko arriskuan dauden pertsonei dago zuzendua, eta lana bilatzeko prozesua hobetzea eta norbere baliabide, segurtasun eta gaitasunak azaleratzen laguntzea du helburu.
Bi atal ditu programak: prestakuntza teorikoa eta aplikazio praktikoa. Lehenengoan konpetentzia eta trebetasun profesionalen hobekuntza, garapen pertsonala, aldaketen kudeaketa, auto-marketina eta lan merkatuarekiko posizionamendua landuko dituzte. Bigarrenean prestakuntza teorikoan ikasitako guztia praktikan jarriko dute programan parte hartzen dutenek eta bakarkako jarraipena egingo zaie.
Prestakuntza 2014ko martxotik ekainera izango da, astelehenetik ostegunera. 9:00etatik 13:00etara egingo da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Izena eman nahi duenak eskaera orria aurkeztu beharko du otsailaren 12tik 26ra bitartean Udal Elkartean bertan edo emailez bidalita lanpoltsa@urolakosta.org helbide elektronikora. Eskaera orria www.urolakosta.org webgunean aurkitu dezake interesa duenak. Hautaketa prozesu bat egingo dute izena ematen dutenen artean, plaza kopuru mugatua baitago.
Informazio gehiago nahi duenak Udal Elkarteko Prestakuntza eta Enplegu Sailera edo 943 89 08 08 telefono zenbakira jo dezake.