Lehendabizikoz Orion jokatu zen Gipuzkoako Mus Txapelketako Finala. Itsasondoko eta Tolosako muslarien artean jokatu zen txapela, eta 35 minutuko partidaren ostean, 20 urteko Odei Arregi eta Beñat Lopez tolosarrek lortu zuten garaipena. Gazteek txapelaz gain, garaikurra eta lau lagunentzako asteburu pasako saria lortu zituzten.
Bigarren postua Itsasondoko beteranoek eskuratu zuten. Lontxo Arza eta J.I. Arbillagak Errigorako bi lote eta bi lagunentzako afaria eraman zituzten etxera. Hirugarren postuan Alegiako bikotea geratu zen eta Errioxako ardoa eta afari bat irabazi zituzten. Pasaia-Donibanera joan zen 4. saria: ardo nafarra, gazta eta bi patxaran botila. 5., 6. eta 7.postuetan Mutriku, Zumarraga eta Donostiako bikoteak geratu ziren, hurrenez hurren. Horiek bina gazta eskuratu zituzten.
Jendetza bildu zen Orioko plazan eta giro aparta sortu zen muserako. Eguraldiak lagundu zuen arren, hotz egiten zuen plazan. Halaber, antolakuntzak emandako tratu onak giroa berotu zuen, azaldu dute irabazleek. Txapelketa argazkitan ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.
Orioko bikote bat Euskal Herriko Finalean
Zazpi ordu iraun zuen txapelketak, arratsaldeko 15:30ean hasi eta gaueko 22:15ean bukatu baitzen Gipuzkoako finala. Hiru ustel eta 40 puntura jokatzeak luzatu egiten du txapelketa,
horrelako zazpi partida jokatzen baititu finalera ailegatzen denak.
Denbora luzez kontzentrazioa eta freskura mantentzea zaila da,
aitortu dute irabazleek. Orioko eta Aiako muslariak ez ziren lehen zortzi postuetan sailkatu, hortaz, ez zuten saririk lortu. Halaber, Euskal Herriko Finalerako bikote oriotarra sailkatu egin da, Ibai Esoain eta Jon Ubegunek osatutakoa, alegia. Guztira, Gipuzkoako 32 bikote arituko dira Euskal Herriko final nagusian.
Sari potoloak daude jokoan Euskal Herriko Finalean, ondorengoak:
· Irabazleak: txapela, garaikurra, 3.000 euro esku-dirutan eta Karibera bidaia lau lagunentzat, dena barne.
· Txapeldunordeak: garaikurra, 1.500 euro esku-dirutan eta Kanariar Uharteetara bidaia bi lagunentzat.
· Hirugarren sailkatuak: 750 euro esku-dirutan eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat .
· Laugarren sailkatuak: 500 euro esku-dirutan eta euskaraz ikasteko urte osoko bi matrikula
Bestalde, 5. postutik 16. postura bitarte sailkatzen diren bikoteek sari txikiagoak eskuratuko dituzte, eta partaide guztiei kamiseta bana emango zaie parte hartzea eskertzeko.
Final Nagusia martxoaren 8an izango da, larunbatean, Nafarroa Beherako Heletan. Gipuzkoako txapelketa bezala, Euskal Herrikoa mus federazioak txapelketarako prestatutako arauen arabera jokatuko dira. Legeak www.euskalherrikomustxapelketa.org webgunean daude ikusgai.