Otsailaren 2ko itsasaldiak eragindako kalteak konpontzeko modua zehazten ari dira oraindik Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputazioetako eta kalteak jasan dituzten herrietako Udaletako ordezkariak, Oriokoa barne.
Otsailaren lehen astean egin zuen Orioko alkate BeƱat Solaberrietak lehen bilera Gipuzkoako Foru Aldundiko ordeko agintariekin. Kalteak zenbatzeko eta balorazioak egiteko zeuzkan oraindik kaltetu askok eta askok eta errepaso modukoa eginda, airean geratu zen gaia, jarraitu beharreko bidea erabat zehaztu gabe.
Pasa den ostiralean, otsailaren 14an, elkartu ziren Orioko Udaleko ordezkariak Gasteizen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburu Ana Oregirekin, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariekin eta Espainiko Gobernuko agintariekin. Bertan, bakoitzak dagokion esparruaz arduratzeko konpromisoa hartu zuen. Gaiak modu orokorrean landu ziren han Solaberrieta alkatearen hitzetan.
Orokorretik zehatzagora jaisteko bidean, herri-taldeka bilerak egingo dituzte aste honetan bertan. Ostegunean edo ostiralean bilduko dira Orioko Udaleko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Itsasbazterretako eta Kostetako eta Portuetako Zuzendaritzako Gipuzkoako arduradunekin. Jaurlaritzaren zirriborroaren arabera, ostiralean bildu behar dute Orioko ordezkariek Pasaiako eta Hondarribiakoekin batera. Ostegunean dira elkartzekoak Getariako, Zumaiako eta Zarauzkoak eta haiekin batera egoteko eskaera egin dute Orioko Udaletik, eskualde berekoak direla-eta. Bertan kalteak baloratu eta konponketak kudeatzeko planaz arituko direla aurreikusten du Solaberrietak: lehentasunak ezartzeko eta konponketekin noiz eta nola hasiko diren jakiteko asmoz goaz bilerara.
50.000 euro Udalaren eskumeneko kalteak ordaintzeko
Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko kalteak kenduta, 50.000 euro inguruko gastuari egin beharko dio aurre Orioko Udalak denboraleak eragindakoak konpontzeko eta txukuntzeko. Zenbatekoa gutxi gorabeherakoa baldin bada ere, 8.000 euro inguru kostako da hondartzako sorosleen lekua egokitzea; 10.000-15.000 inguru hondartzako taberna eta txiringitoetan egindakoak konpontzea; 12.000 euro barra muturreko eta eskoilerako argiteria berritzea; eta beste 20.000 bat euro beharko dira puskatutako hiri-tresneria konpontzeko eta garbiketa lanak egiteko.
Gastu guzti horiei aurre egiteko partida bana eskatu die Orioko Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Horrez gain, Antilla hondartzan urtero egiten den hondar-pilaketa (malekoiaren kontra egiten den zuloa) Itsasertzetako eta Kostetako Zuzendaritzak bere gain hartzea adostu zuten otsailaren 12an Itsasertzetako eta Kostetako Zuzendaritzako kide Teresa Ruizekin egindako bileran. Hondar-mugimendua aztertzeko ikerketa txiki bat egingo du Ruizen taldeak aurrena eta pilaketa berezi bat egingo dutela adierazi zioten Solaberrietari.
Errioaren kontra egindako dunei dagokionez, lauzpabost urtetarako egindako esperientzia pilotua zen, baina denboraleak hankaz gora utzi ditu dunak. Gipuzkoako Foru Aldundiak berak erabaki beharko du zer egin proiektu horrekin.