Martxan da abizenak euskalduntzeko kanpaina

Olatz 2014ko ots. 18a, 14:47

"Euskaraz naiz" kanpaina jarri dute abian Oriko Udalak eta UEMAk, hiru pausotan abizenak euskalduntzeko helburuarekin

Orioko Udalak, UEMArekin batera, abizenak euskalduntzeko kanpaina abiatu du Euskaraz naiz lelopean. Euskaldunei bere izanarekin koherente izatera eta abizenak euskalduntzera animatu nahi ditu horrela. Abizenaren grafia euskaraz jartzea erraz egin daiteke gaur egun: herrian bertan, Bake Epaitegira joanda.

Hiru pausotan abizena moldatuta

Abizena euskal grafiara egokitzeko erabakia hartuta, herriko erregistro zibilera –bertan erroldatuta egon beharra dago– edo bake epaitegira joan eta erabakiaren berri eman behar da. Orion, esaterako, astearte eta ostegun goizetan irekitzen dute udaletxeko hirugarren solairuan dagoen Bake Epaitegia.

Han emandako eskaera orria norberaren datuekin bete eta ondorengo agiriak aurkeztu beharko ditu abizena euskaldundu nahi duenak:

1. Nortasun agiriaren fotokopia. Adinez nagusia ez denak gurasoena ere eraman beharko du.
2. Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria. Bake Epaitegian bertan eskatu behar da.
3. Errolda agiria. Udaletxeko harreran eskatu behar da, eta adinez nagusia ez denak gurasoena ere beharko du.
4. Ezkonduta dagoenak edota seme-alabaren bat duenak, familia liburuaren fotokopia eraman behar du.
5. 16 urtetik gorako seme-alabak izanez gero, haien nortasun agiriaren fotokopia aurkeztu behar da.

Bestalde, izen edota abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatu nahi duenak izenak edo abizenak en klikatu dezake. Euskaltzaindiaren irizpidea jarraitzen da, normalean, abizena aldatzeko garaian. Euskaltzaindiaren liburuan era bat agertu arren, zenbait kasutan forma desberdinak onartu izan dira. Halaber, abizen-aldaketa gisa tramitatu daiteke aldaketa. Kasu horretan, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak erabakiko du moldaketa onartu ala atzera botako duen. 

Erdal abizenen kasua

Euskal abizenen kasuan, Euskaltzaindiaren Deitura-izendegia jarraitzen da. Bertan honakoa adierazten da: Euskal deituratzat, edozein hizkuntza jatorritakoa izanda ere, Euskal Herrian sustraitu dena jo da, nahiz esku artean duzuen lehen liburuki honetan euskal jatorrikoak ez diren gehienak agertzen ez diren. Hortaz, abizenarekin duda edukiz gero Euskaltzaindian galdetzea komeni da.

Seme-alaben abizena

Gurasoek abizena aldatuz gero, 18 urtez azpiko seme-alabena automatikoki aldatzen da. 18 urtez gorakoetan, ordea, Erregistrora joan eta haiek propio aldatu nahi dutela adierazi behar dute. Hala ere, ez dute tramitazio guztia egin behar.

Agirietan grafia aldaketa

Epaitegiak, ofizioz, Udalera, Hauteskunde Zentsurara eta beste hainbat tokitara bidaltzen du aldaketa. NANa berritzeko txanda hartu eta hitzez hitzeko jaiotza agiria eskatu behar da dagokion erregistro edota epaitegian. Eskaera egitean NANa berritzeko dela esan behar da, epaitegiak horretarako bakarrik balio duen agiria eman ahal izateko. Honela, Nortasun Agiri Nazionalean aldaketa egin ahal izango da.

Bestalde, jaiotza, ezkontza eta seme-alaben jaiotza-agirietako aldaketa epaitegietan bertan bideratzen da. Honela, herentzia arazoak ekiditen dira.

Abizenaren grafia aldatzen den moduan aldatu daiteke izenarena ere. Doan da aldaketa, eta eskaera egiten den herrian jaiotakoa izanez gero, epe motzean egiten da. Beste nonbait jaiotakoen kasuan, 3-4 hilabeteren buruan tramitatzen da. Udalak eta UEMAk aldaketa egitera animatzen ditu herritarrak, horrela, euskaraz izateko.


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide