Jon Azkue: "Aurten Asobal ligan jokatzeko aukera iritsi zait eta gozatzen ari naiz"

Miriam 2014ko otsailaren 19a

Jon Azkue Oriotarrak eskubaloiko lehenengo mailan jokatzen du Bidasoa-Irun taldean. 19 urterekin, taldeko gazteenetakoa da eta baita gol gehien sartzen dituena; 95 doa denboraldi honetan.

Noiz eta nola hasi ziren eskubaloian?
Hemen, Ikastolan, txikitatik eskola kirolean hasi nintzen. Saskibaloia, futbola eta eskubaloia probatu nituen eta DBH-n, aukeratzeko garaia iritsi zenean, eskubaloian jarraitu nuen. Koadrila osoa ibiltzen ginen eta talde polita genuen. Lehen bi urtetan Orion ibili nintzen, baina gero koadrilakoak beste kiroletan hasi eta eskubaloian jarraitu nahi genuenak Eibarrera joan ginen, Arratera. Han hiru urte egin nituen, kadete mailan bi eta bat jubeniletan. Baina hirugarren urteko udan taldea desagertu egin zen eta Irunera joan nintzen. Han jokatu ditut azken bi urteak eta hau hirugarrena da.

Aurten Asobal ligan hasi zara ezta, maila altuenean?
Bai, hori da. Aurreko bi urtetan zilarrezko dibisioan egon ginen. Play-offa jokatu genuen eta, nahiz eta ez rabazi, Athletico Madrid desagertu egin zen eta horrekin bere postua hartzeko aukera izan genuen.

19 urterekin lehen mailan zaude jada. Goiztiarra zara ezta?
Taldean 17 urteko jokalari bat dago, aurten hasi da gurekin. Baina bai, gazteetarikoena naiz. Lehen kanpotik ekartzen ziren jokalariak, baina gaur egun egoera bestelakoa da eta hemengoei aukerak ematen zaizkie. Niri azkar iritsi zait aukera eta aprobetxatzen ari naiz. Hala ere talde gaztea dugu, gehienak 25 urtetik beherakoak. Eibarren ibili nintzeneko aurkariak ditut asko, urte bat edo bi zaharragoak, eta desberdintasuna ez da hain nabaria.

Lehen mailara pasatzeko aukerari baiezkoa erraz eman zenion?
Bai, Hasieratik, kirol bat egitean, norbere ametsa da gorengo mailan jolastea, aurkari onenekin. Eta niri, lehengo urtean bigarren maila ibilita, aurten Asobal ligan jokatzeko aukera iritsi zait eta gozatzen ari naiz.

Guraso eta familiakoen babesa garrantzitsua izaten da adin honetan erabakiak hartzeko garaian. Zer diote beraiek?
Betidanik izan dut beren babesa, batez ere Arrate desagertu zenean. Uda zaila izan nuen, ez bainekien non jokatuko nuen ezta nora jo. Gurasoek asko lagundu zidaten, Bidasoa taldearekin eta beste hainbatekin hitz eginez. Azkenean Irunen geratu nintzen, etxetik gertu.

Egunero egiten al duzu joan etorria Irunera?
Bai, Orion bizi naiz. Goizean klaseak izan ditut eta arratsaldez ere bai batzuetan. Taldeko atezaina Usurbilgoa denez, elkarrekin goaten gara kotxean.

Ikasketak eta eskubaloia batera eramatea ez da erraza izango
Bai, denbora falta da arazo nagusia. Ikasketek denbora asko eskatzen dute. Eta eskubaloiarekin, bidaiak kanpora, egunero entrenamenduak... ordu asko joaten zaizkit. Azkenean ikasteko zailtasunak izaten ditut, baina pixkanaka aterako dut aurrera.

Guzti horrekin, lagunekin egoteko aukerarik izaten al duzu?
Denbora gutxi izaten dut lagunentzako, Donostian ikasi eta Irunen entrenatzen dut eta zaila da. Anibarko Portuan bizi naiz eta ia ez naiz herrira agertzen. Gogorra da, baina ohitu egiten zara azkenean.

Azkenaldian zeresana ematen ari zara gol asko sartzen dituzulako
Uste dut 96 sartu ditudala aurten oraingoz eta, egia esan, gol gehien egiten ari naizen urtea da. Denboraldi hasieran golak sartzen hasi nintzen, orduan entrenatzaileak konfiantza eman zidan, eta ondorioz nire buruarengan ere hartu nuen. Ziklo bat bezala da. Taldea, ordea, ez doa oso ondo. Azken postuan gaude eta ez ditugu behar adina puntu lortzen.

Selekzioarekin ere egon zara munduko kopan. Sari bat jaso zenuen bertan ezta?
Hungarian jokatu genuen munduko txapelketa eta 7 ideal sariak eman ondoren, ezagutzen ez nuen beste bat ematean nire izena esan zuten. Mundial txukuna egin nuen, baina ez nuen inola ere espero. Izugarrizko sorpresa izan zen.

Orio bezalako herri batean gehiago hitz egiten da futbolaz, arraunaz... Eskubaloiak ez du hainbeste fama?
Ez, Orion egon dira tarteka jokalari onak eman dituzten hainbat belaunaldi, baina eskubaloi talde bat ez dagoenez ez da asko hitz egiten horretaz. Hala ere, azken aldian jendeak pixka bat jarraitzen duela ikusten dut, kalean noizbehinka komentarioak egiten dizkidate.

Zer da zuretzako eskubaloia?
Niretzako dena da, betidanik izanda, txikitatik horretan nabil. Orain gainera aurrera egiteko aukera ikusten dut eta tren hori aprobetxatu beharra dago.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Inoiz ezin da jakin, baina momentuz Asobal Ligan nago eta gauzak ondo eginez gero hor jarraitzeko esperantza dut. Egoera ez da erraza, batez ere ekonomikoki. Baina aurrera begiratu eta hor jarraitzea da nire helburua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide