Ligaren lehen fasea bukatuta bigarren dira Orioko futbol taldeko jubenil neskak

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko ots. 19a, 13:14

Joko ona eta bizia ari dira erakusten Orioko Futbol taldeko neskak

2013-201ko denboraldiko Ligako lehen fasea bukatu berri dute Orioko futbol taldeko jubenil kategoriko neskek. Fin ibili dira partidaz partida eta bigarren dira sailkapenean. Txapeldunen fasea jokatzeko txartela lortu dute beraz eta gogor jarraitu beharko dute lanean, orain arte bezala.

Martxoaren 9an hasiko dute Txapeldunen fasea. Bosna taldeko bi multzotan banatuta jokatu dute denboraldia bukatu bitartean. Lortutako emaitzekin oso gustura daude taldekideak berak eta baita Joseba Manterola entrenatzailea ere.

Euskadiko selekzioan

Neskak ematen ari diren maila onaren adierazle, Euskadiko selekzioarekin –16 urtez azpikoekin– entrenatzeko deia jaso zuten Orioko futbol taldeko bi neskek 2013 bukaeran: Leire Arrutik eta Leire Manterolak. Ez zuten batere zorterik izan, ordea. Izan ere, entrenamendu egunaren bezperan gaixotu egin zen Arruti eta Manterolak, berriz, kubitua pitzatu zuen futbol partida batean.

Otsailaren 4an bigarren aukera bat izan zuten Orioko futbol taldeko neskek. Euskadiko selekzioa Orioko Mendibeltz zelaian izan zen etxekoen aurka indarrak neurtzen. Trebe aritu zen Leire Manterola eta ahizparen pausoak jarraituz, Euskadiko selekzioarekin lehiatzea lortu berri du.

Infantil neskak ere bizi-bizi

Infantil kategoriako neskak ere primeran dabiltza futbolean. Garazi Iturzaetak eta Olatz Mujikak entrenatutako taldea lan polita ari da egiten. Ondorioz, Realeko ordezkariek Orioko taldeko hiru jokalari begiz jota dituzte: Irati Larrañaga, Itziar Irastorza eta Miren Zipitria. Realeko taldearekin entrenatzen aritu dira hirurak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide