Luis Treku oriotarra Frantziako errefuxiatu eremuan 1939an

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko ots. 21a, 08:44

Luis Genovak eta familiak duela 75 urtebizitako egoera gogorra ekarri du gogora Iñaki Iturainek

Otsailaren 24an, Espainiako 1936ko gerrari lotutako episodio bat gogora ekartzekoak dira Frantzian. Oroimen Historikoa lantzeko, ekitaldi bat egingo dute Frantziako Mediterraneoko herri batean: Argelès sur Mer herri turistikoan. Egun horretan 75 urte beteko dira herri hartako hondartza luzean errefuxiatuentzako kontzentrazio-eremu bat zabaldu zutela. 1939ko otsailean eremu hartara bildu zituen Frantziako gobernuak, Espainiako gerratik ihesi, Frantziara pasatutako 500.000 inguru errefuxiatuak.

1939ko otsailean erori zen Katalunia faxisten eskuetan. Egun haietan, bonbardaketa latzak sufritu zituzten Kataluniako hainbat hiri eta herritan. Otsailaren 5ean, Girona bonbardatu ondoren, erabaki zuen Frantziako gobernuburu Édouard Daladierrek iheslariei muga zabaltzea. Espainiako Errepublikaren armadako soldaduak eta haien aldeko herritarrak arrapaladan iritsi ziren Frantziara, milioi erdi iheslari. Han ez zegoen ezer prestatuta horrenbeste jende hartzeko. Mugatik 35 bat kilometrora dagoen Argelès sur Mer-eko hondartzan pilatu zituzten lehenengo errefuxiatuak, ehun mila inguru.

Espainiako historiako diasporarik handiena izan zen hura, munduan sekula izandako handienetakoa. Orduko txosten baten arabera, 1939ko martxoaren 9an, Espainiako mugatik sartutako 440.000 errefuxiatu zeuden Frantzian; haietako 170.000 emakumeak, haurrak eta zaharrak ziren; 220.000, soldadu eta miliziarrak; 40.000, elbarrituak; eta 10.000, zaurituak.

Mediterraneoko hondartza hartako errefuxiatu-eremua infernu bilakatu zen han pilatu zen jende guztiarentzat. Haien artean oriotar bat egon zen: Luis Genova, Orion Luis Treku bezala ezagunagoa zena. Orain dela 75 urte iritsi zen Luis Treku kanpamentu hartara.

2014-ArgelesHara iritsi aurretik buelta asko eman zituen etxetik ihesi abiatu zenetik. Luis Treku emaztearekin eta lau seme-alabekin abiatu zen Oriotik 1936ko irailean, herrian sartzear ziren errekete eta falangistengandik ihesi. Baporez alde egin zuten, Donibane Lohitzunera. Iparraldean aste batzuk pasatuta, Bartzelonara jo zuten trenez. Orduan, artean, Bartzelona Errepublikaren eskuetan zegoen. Huraxe zen zona libre nagusia eta, artean, bonbardaketarik-eta ez zen. Handik Montserratera eraman zituzten. Han zirela, bosgarrena jaio zitzaien, alaba Mari Carmen. Han, urte eta erdi-edo eman zuten. 1938an, bonbardaketak-eta hasi zirenean, abiatu egin behar izan zuten handik ere ihesi, Frantzia aldera. Trenak gainezka zihoazen, jendez goraino beteta. Oriotarrak oinez abiatu ziren, kostaldeko bidetik, Girona aldera. Bidai gogorra izan zuten. Lo, ahal zuten lekuan egiten zuten. Negua zen, hotz egiten zuen, baina hotza ez zen txarrena, beldurrez zihoazen, noizbehinka zeruan pasatzen ziren abioi haien beldurrez, bonbardaketek eragiten zuten izua gorputzaren barruan sartuta.

Halako batean, Gironara ailegatu ziren. Han bonbardaketa gogorrak izan zituzten. Gero, handik oinez abiatu ziren berriz. Bide erdian zihoazela, esan zieten bidea oso arriskutsua zela eta joateko mendi aldera. Horrelaxe egin zuten. Han goian elurra zen, 1938ko urte amaiera zen.

Frantziarako bidean galdu egin ziren, aita alde batetik, seme Florentino bestetik, eta ama gainerako lau seme-alabekin bestetik. Florentino Grenoblera iritsi zen, hango ospitale batean hartu zuten. Han operatu ere egin zuten, hanketan zuen arazoa sendatzeko. Ama-alabak Kosta Urdineko inguruan egon ziren, Nizatik ez urruti, errefuxiatuentzako kanpaleku batean, Chateau de Villapin-en, gerra bukatu arte.

Luis Trekuk Kataluniatik Frantziarako muga gainditu zuenean, Argelèseko kanpamentura eraman zuten. Han, hondartzan bertan jarri zituzten. Eremua txarrantxaz itxi zuten. Preso eduki zituzten haren barruan. Errefuxiatuak zaintzen Frantziako kolonietako tropak jarri zituzten, Marokoko eta Senegaleko soldadu afrikarrak, eta jendarme batzuk. Egoera kaotikoa bihurtu zen: ez zegoen jendearentzako barrakoirik, ez komunik, ez sukalderik, ez ur gezarik, ez erizaintzarik, ez argindarrik... Gaitzak sortzen eta zabaltzen hasi ziren –tifusa, disenteria, sarna...–. Gaixoak eta zaurituak inguruko ospitaletara eramaten hasi ziren; baina, berehala, gainezkatu egin zituzten guztiak eta, handik gertu, beste bi kanpamentu jarri zituzten, Saint-Cyprien eta Barcarès-en.

Kanpamentu haietako bizi-baldintzak izugarriak izan ziren. Errefuxiatuek inprobisatu egin zituzten barrakoiak, komunak eta sukaldeak. Gurutze Gorriak eta beste erakunde batzuk bideratu zuten laguntza ez zen nahikoa, hornikuntza eskasa zen, eta denetik falta zuten. Jende asko hil zen eremu hartan, goseak, hezetasunak, hotzak eta gaitzek eraginda. Luis Treku bizirik atera zen.

1939ko martxoan, Robert Capa argazkilariak bisita egin zuen Argelèsera. Orduan 80.000tik gora errepublikar zeuden kanpamentuan. Harenak dira orduko infernu hartatik gordetzen diren argazkiak. Hitzez ere egin zuen ikusi zuenaren azalpena: ...infernu bat hondar gainean: gizonek nekez bizirauten dute, kanpin-denda eta lastozko txabolek babes eskasa ematen diete hondarraren eta haizearen erasoaren kontra; ura hondarrean egindako zuloetatik ateratzen dute, itsasokoarekin nahasian....

Kanpamentua jarri zutenetik sei hilabetera bigarren mundu-gerra hasi zen. Hurrengo urtean, 1940ko ekainean, Hitlerren III. Reich-ak Frantzia inbaditu zuen. Orduan utzi zuten Argelèseko errefuxiatuek kanpamentu hura. Batzuk inguru hartan geratu ziren bizitzen. Beste batzuk nazien kontra borrokatzera abiatu ziren; haietako asko atxilotu eta berriro ere kontzentrazio-eremuetara eraman zituzten –Mauthausen-era 7.500 eraman zituzten–. Eta beste batzuk etxera itzultzea erabaki zuten, Francok ordurako agindua zuen odol-deliturik ez zutenei barkatu egingo ziela bizia.

Luis Trekuk etxeratzea erabaki zuen. Oriora itzuli zen, 1940ko bukaera aldean. Etxekoak bera baino lehenago etorriak ziren. Etxean elkartu ziren, lau urtetik gorako odiseari amaiera emanda. Gogorra izan zen, gorriak ikusi zituzten, baina onik itzuli ziren denak. Gainera, Oriotik abiatu zirenak baino bat gehiago ziren bueltan, 1937an Katalunian jaiotako Mari Carmen txikia haiekin zutela.

Etxean zirela, aitak berriro itsasoan hasi behar, arrantzan, jango bazuten. Baina horretarako baimena behar zuen eta Donostiako Komandantziara joan zen. Joakin Arostegi apaizak Oroitzapenak bere biografia-liburuan honela kontatzen du han gertatutakoa: ¿En política usted qué es? komandanteak, eta toda la vida republicano eta militarrak: de todos los que han venido por aquí, ninguno ha dicho la verdad. Usted es el único. Así que tenga el permiso y vaya tranquilo a su casa. Eta Luis, lasai-lasai, Oriora.

Horrelaxe jarraitu zuen Luis Trekuk bizitza osoan: errepublikar. Orain betetzen dira 75 urte oriotar errepublikazale hura Frantziako kontzentrazio-eremu hartan sartu zutela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide