Hondakinen mahaitik sortu zen birziklatzeko guneak egiteko ideia. Espazioak zehazten dituen maparen garapena obra eta zerbitzuen batzordetik bideratu da; bertan onartu eta diktaminatu da. Exekuzioan ñabardura batzuk izan ditu mapak, hirigintza ikuspegitik egokitzapen txiki batzuk eskatzen zituelako. Hiru alderdien adostasunarekin egokitu dituzte guneak, aho batez uste baitute birziklapenaren tasak hobera egin behar duela.
Urtetik urtera datuak hobetuz
2011an %27 zen birziklapen tasa Orion: 2012an, %31 eta 2013 urtea %36 tasarekin amaitu zen. Hiru alderdiek adostu zuten, urte bete barru, 2015 urte hasieran, %65 birziklapen tasa lortu behar zutela. Lortu daitekeen helburua da, baliabideak ditugulako, aitortzen du Beñat Solaberrieta alkateak.
Xedea lortzeko, Udalak birziklatzeko guneak berrantolatu eta egokitu ditu. Aldaketa egiterakoan gertutasuna izan dute kontuan, baita organikoen hondakinak puntu guztietan egotea ere. Herritarrei birziklatzea erraztu nahi diegu eta organikoa birziklatzera bultzatu. Izan ere, birziklatze tasetan eragin handia dauka organikoak. Azaroan 115.000 kilo errefusa bildu zen, eta 18.000 kilo organiko. Datu horiek alderantzizkoak izan behar lukete. Oro har, organikoa ez da dagokion ontzira botatzen, eta beste zaborrarekin nahasteak dakar kalterik handiena, dio Solaberrietak.
Lehen pausoa norberak bere etxean
Orio mailan tasen portzentajeak gora egin dezan, etxean eman behar ditugu lehen pausoak. Norberak bere etxean organikoa birziklatuz gero, emaitzak ikusiko ditu eta ohartuko da aldea handia dagoela azaltzen du Orioko alkateak, eta gaineratzen du zaborra ondo banatu ezkero etxeko birziklapen tasa %80 - 90 ingurura igoko da.
Udalak dei egin nahi die oriotar guztiei, gai hau, birziklatzearena, arretaz zaintzeko eta dagokion garrantzia emateko. Herrian gaur egun dauden bitartekoekin oso erraza da ondo birziklatzea: giltzak ia denok dauzkate, baita potoa ere. Eta ez duenari, udaletxean emango zaio. Horrez gain, formazioa ere ematen da.
Guneen egokitzapenak ere birziklapena eskuragarriago jarri die herritarrei. Jendeari zaila egiten zaio ohiturarik ez duelako. Betikoa egiten jarraitzen dugu erosotasunagatik, besterik gabe. Hortaz, usadio batzuk aldatzea baizik ez dugu eskatzen aitortzen du alkateak.