Urko Aristi da Tokikomeko presidente berria

Olatz 2014ko otsailaren 27a

Karkara Tokikom enpresako bazkide da, zeinak presidente aldaketa izan duen

Duela urte bete sortu zen Tokikom, euskarazko tokiko hedabideek osatzen duten enpresa. Etorkizuna elkarlanean diseinatzeko helburuarekin sortu zen, garai zailei guztiok batera aurre egiteko asmoz. Hortaz, tokiko hedabideek egoera berriei erantzun azkarra emateko tresna gisa sortu zen. Aurten, urtebeteko ibilbidearen ostean, aldaketaren beharra sentitzen zuten bertako kideek eta lehena jada eman da: presidente aldaketa.

Tokikom, indarberritzeko tresna

1988an sortu zen lehen aldizkari euskalduna, Arrasate Press. Urte betera, Karkara sortu zen. Euskal Herriko herri eta eskualdetan, hamaika aldizkari sortu ziren ordutik helburu komun batekin: tokikoa den informazioa, ingurukoa, egunerokotasunean zuzenean eragiten duena, jendeari interesatzen zaiona amu gisa erabiltzea publikoa euskarara hurbiltzeko. Karkarak ere helburu hori zuen eta du: ahalik eta jende multzo zabalenari euskaraz irakurri eta komunikatzeko aukera ematea, euskararen normalizazioa bultzatzeko.

Hogei urte igaro dira ordutik, eta hedabideek helburu berbera duten arren, garaiak eta ohiturak aldatu egin dira. XXI. mendean komunikazioa hauspotzen duena komunitatea da. Egitura propiorik eraikitzen ez duen komunitateak, hortaz, kolokan du biziraupena. Bidegurutzean da euskara komunitatea; bidean ez da galdu, baina ez du etorkizuna ziur. Mundu berrian ezinbestekoa baita informazioa landuko duen komunikazioa egitea. Hori lortzeko helburuarekin sortu zen Tokikom eta Karkara ere tren horretara igo da; hortik, aurtengoan izaten ari diren aldaketak.

42 tokiko hedabide kudeatzen ditu enpresak: 35 aldizkari, bost irrati eta bi telebista. Guztiek, hurbileko informazioaren esparruan mugitzen dira, eta gertutasunak aukera aparta eskaintzen du irakurlearekiko zuzeneko harremana izateko.

Mikel Irizarren lekukoa hartu du Urko Aristik

Bi urtez Tokikomeko presidente izan ostean, Mikel Irizarrek presidentetza utzi eta Urko Aristiri utzi dio kargua. Aristik, lekukoa hartu zuen egunean, otsailaren 2an, honela esan zuen Orain arte Irizarren gidaritzapean egindako bidearekin guztiz ados egonik, norabide berdinean jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, dagoeneko abiatutako egitasmoak sendotu, eta beste ekimen berriak abiaraziz.

Euskal hedabideak lankidetzan jarri nahi ditu eta horretarako Tokikom indartzea ezinbestekoa ikusten du. Honenbestez, 2014a sendotzeko urtea izango dela iragarri dute Tokikomeko kideek. Esparru komunen kudeaketa, solaskidetza bateratua, eta garapen eta integrazio posibleen diseinua dira Tokikomen helburuak, eta horietan sakontzeko asmoa du guneak. Horretarako, presidente aldaketaz gain, administrazio kontseilua handitu egin dute, zortzi lagunetik hamabira. Gaur egun, sarea hazi egin da eta 47 komunikabide daude bertan.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide