Sahararren atxikimenduarekin bat egin du Orioko Udalak

Olatz 2014ko otsailaren 27a

Errepublika aldarrikatzen dute Sahararrek gaurko egunean. Udalak, aho batez, adierazpen instituzionala onartu du Sahararrei babesa adierazteko

Egun berezia da gaurkoa Sahararrentzat. Errepublika aldarrikatu zuteneko urteurrena da otsailaren 27a, eta egun hori, nolabait, beren independentziaren aldeko egun bilakatu da. Ahmed Gali Saharautz taldeko presidente ordeak dion bezala, espainiarrek Saharan zuten koloniatik alde egin ondoren, Marokok eta Mauritaniak bete zuten hutsune hori. Une horretan bertan, Sahar Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak. 1976a zen.

Hiru urtera, 1979an, Mauritaniak lur horretatik alde egin zuen Fronte Polisarioak abiatutako nazio askapenaren ondorioz. Urte horretan sinatu zuen bake hitzarmena Mauritaniak Fronte Polisarioko buruzagiekin, baina Marokok bere egin zuen Mauritaniaren menpe zegoen mendebaldeko Saharako zatia. Hortaz, Marokoren esku geratu zen eskualde osoa.

Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko borrokak areagotu egin ziren, eta elkarrizketak izan dituzten arren,egoera ez da aldatu. Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimenduak lurraldearen autodeterminazioaren alde egiten du. Independentzia lortu nahi dugu, hori da gure borroka, baina esan daiteke 1927a geroztik  egoerak berdin jarraitzen duela, azaldu du Galik eta gaineratzen du epe motzera ez dugu irtenbiderik ikusten. Horrek, etengabeko sufrimendua dakar.

Espainiako administrazioak Saharatik alde egin zuenetik erregimen marokoarra babesten jarraitzen du. Espainiak ez du amore ematen, eta Saharatik joan arren, gure kontra jarraitzen du, azaldu du Galik. Aldiz, euskal gizarteak egoera honen aurrean elkartasuna adierazten duela dio. Ahmed Labeid ere elkarteko kidea da eta Orioko Udalak urtero azaltzen dion babesa eskertu du. Esker ona adierazteko, oroigarri bat oparitu dio.

IMG_2655.JPG

Saharraren atxikimenduarekin bat

Udalak, urtero bezala, Sahararren aldarrikapenarekin bat egiten du. Gure herriari eskatzen dioguna beste herriei ere opa diogu; gure herriaren izaera aldarrikatzen dugun bezala, besteen aldarrikapenak ere bultzatzen ditugu, aitortzen du BeƱat Solaberrieta alkateak.

Gainera, ondorengo adierazpen instituzionala onartu dute Orioko Udalean, aho batez:

Euskadi-Sahara koordinakundeak Saharako Arabiar Errepublikaren aldarrikapenaren 38. urteurrenean aurkeztu duen eskaria dela-eta, adierazten dugu bat egiten dugula Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan azken urteotan aurrerapenik ez dela egin dioen ikuspuntuarekin:

  • Mendebaldeko Saharako lurraldearen bi herenen okupazioa, urtetan eta urtetan luzatzen dena eta indar militarrek babestutako 2700 km luze den minaz jositako hesi batek bermatzen duena.

  • Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen legez kanpoko ustiapena. Etenik gabe jarraitzen duena eta zenbait arlotan, arrantzaren kasuan bezala, Europar Batasunaren konplizitatearekin bermatzen dena.

  • Mendebaldeko Saharako herritarren oinarrizko giza eskubideen etengabeko zangopilatzea. Saharar herritartasunaren aldeko aldarriak, okupazioaren inpunitatearen babespean itotzen jarraitzen dute. Urtez urte, giza eskubideen aurkako erasoen testigantzak, nazioarteko begiraleen pasibotasuna areagotzen den era berean areagotzen direlarik. Arlo honetan, gogoratu besterik ez dugu Nazio Batuen Erakundeak, munduan zehar hedaturik dituen bake misioen artean, Mendebaldeko Saharakoa dela giza eskubideen arloan eskuduntzarik ez duen misio bakarra.

Udal honek saharar herriaren kausarekiko atxikimendua erakutsi nahi du eta honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

  • Web komunikaziorako euskarrietan saharar herriari babesa adieraztea.
  • Udaleko fatxadan Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren bandera jartzea

Sahararrekin bat egiten dutela adierazteko bandera kokatu dute udaletxeko balkoian. Horrez gain, tea ere banatu dute Sahararrek bertaratutako guztientzat.

Oporrak bakean programan aldaketak

Oporrak bakean programak urtero jasaten duen beherakada dela eta, metodologia aldatzea erabaki dute. Haurrak familietara etorri ordez, ostatua aterperen batean ematea aurreikusten dute. Harreman afektiboa galtzen den arren, gainontzeko guztia ez galtzea ahalbidetzen baitu horrek. Bertako haurrentzat mesedegarria da hona etortzea, kalitatezko osasuna eta elikadura jasotzen baitituzte. Bizi baldintza horiek lagungarriak dira haientzat, hortaz, saiakera honetan dabiltza lanean. Etorkizunera begirako plana da lantzen ari direna.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide