Imanol Garmendia – "Aulki Mugikorreko estropada guztiak irabaztea da helburua"

Olatz 2014ko otsailaren 28a

Ergometroko Espainiako Txapelketan hirugarren postua lortu zuean Imanol Garmendiak (Donostia, 1990) eta Gipuzkoako Aulki Mugikorreko txapelketan, garaipena.

Izatez donostiarra den arren, Orio-Sevilla ardatzean bueltaka ibiltzen da Imanol Garmendia; denbora tarte bat Sevillan egin ondoren, Oriora itzultzen baita. Arraunean profesional egiteak eraman diot joan-etorri horiek eginez bizi behar izatea, baina Garmendia gustura dago; afizioa ofizio bilakatu baitu, eta Sevilla nahiz Orio baititu gustuko.

Sevilla eta Orio, Orio eta Sevilla. Bietako bat aukeratzekotan...
Biekin geratzen naiz, biek dute eta bere xarma. Sevillara joan behar izaten dut taldekideak bertakoak direlako, hortaz, arraunean ibiltzeko bai ala bai hara mugitu behar naiz. Jende jatorra ezagutu dut, taldekideak lagunak ere bilakatu dira. Penaz etortzen naiz handik hona. Eta hemen ere gustura nagoenez, penatuta joaten naiz Sevillara. 

Sevillatik etorri berri zara, brontzezko domina lepotik zintzilik daukazula.
Ergometroan Espainiako txapelketan hartu nuen parte. Bigarren postua lortu nahi nuen, baina hirugarrenarekin konformatu behar.

Eta hona etortzean, Aulki Mugikorreko Gipuzkoako Txapelketan urrezko domina lortu duzue.
Aulki-mugikorrean talde gutxi gabiltza, ez da trainerua bezala. Gutxi gara, hortaz, lehia ere gutxiren artekoa da. Azken urtean, Hondarribia eta gure artean jokatzen da garaipena. Oraingoan, guk irabazi dugu. Pozik gaude garaipenarekin, noski, baina gure helburua jokatzeko dauzkagun guztiak irabaztea da. 

Anbizio handiko helburua, ezta?
Esan bezala bi taldeen arteko lehia estua da, beraz, lortu daitekeen helburua da. Posiblea da. 

Aulki Mugikorraren eta ergometroaren artean aukeratu behar bazenu...
Aulki Mugikorra aukeratuko nuke, dudarik gabe. Arrauna, oro har, uretako kirola da eta ergometroa lurrean egiten da. Gainera, bakarrik egiten da eta nik nahiago dut taldean. 

Baina uretan egiteak zaildu egingo du arraunketa, ezta?
Kontrola ezin daitezken baldintzak daude: haizea, ura harro ala lasai dagoen... eta horrek asko baldintzatzen du arraunketa. Baina hori, polita da oso. Bizitasuna ematen dio jokoari, eta ondo eginez gero, zure aldeko izango da. 

Ergometroan, aldiz, ez urik eta ez konpainiarik.
Zu makinaren aurka, hori da ergometroa. Bakarrik zaude eta ez daukazu aldamenean lehiakiderik ikusteko ea aurreratu egiten zaituen ala ez; ez daukazu olaturik... Beraz, zure buruaren aurka ari zara arraunean, eta niretzat, zailagoa eta gogorragoa da. Aulki Mugikorrean gehiago gozatzen dut. 

Etorkizunera begira, hortaz, Aulki Mugikorra da egin nahiko zenukeena, ezta?
Ergometroa egin behar badut, egingo dut, ez daukat arazorik. Entrenamentu modura hartzen dut, baina txapelketan maila ona ematea eta ahalik eta markarik hoberena egitea dut helburu. Hala ere, Ergometroan nabil buru-belarri eta horri eskaintzen diot nire denbora. Etorkizunera begira oraingo bidean jarraitu nahi dut, paladaz palada aurrera eginez. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide