Aiako parrokiaren adierazpena Moja-etxeari buruzko erreportajearen inguruan

Olatz 2014ko martxoaren 1a

KARKARA aldizkariko azken zenbakian Moja-etxeren inguruko erreportajea dela eta Aiako San Esteban Parrokiak aditzera eman du bere iritzia

Aiako San Esteban Parrokiak bidalitako oharra horrela dio hitzez hitz:

1.  Etxe horren dokumentazio guztia –eskritura, salerosketa-agiri e.a.– Elizaren esku dago, bera denez jabe bakarra. Eta Eliza da jabego horren erabilera, salmenta edo dena delakoa erabaki behar duena. Auzolanean egiteak ez dio gauza bati izaera publikoa ematen. Pentsa bestela era horretan konpondutako hainbeste etxe eta baserrik noren jabegokoak izan behar luketen.

     Gainera, Estatuaren eta Elizaren bereizketa-beharra azpimarratzea hainbeste gustatzen zaigun egunotan, ez dira nahastu behar herritarrak eta eliztarrak, ez baitira kolektibo bera.

     Etxe hori eraiki eta zaindu dutenak Aiako eliztarrak dira. Gaur ere bai.

2. Idatzi horretan esaten da Jose Maria Lardizabalek –1933ko abenduaren 23an– emandako terrenoan eraiki zela Moja-etxea. Lardizabal jaunak 700 metroko lur zatia eman zion Leandro Urretabizkaia parrokoari, bai. Baina horri erantsi egin behar zaio, bi urte lehenago –1931ko martxoaren 21ean– Parroko horrek berak ia beste horrenbesteko lursaila erosi ziela bost jabe desberdini, guztira orduko 750 pezeta ordainduta.

3. Idatzi horretan esaten da Leandro Urretabizkaia Errepublikaren defendatzailea zela, bere anaiari utzi ziola lur-saila eta gero Hilario Larburu nazional-katolizismoaren zaleak bereganatu zuela Elizarentzat. Leandro Urretabizkaia ez zen errepublikanoa. Alderantziz, bazekien Espainian zehar –1931ko apirilaren 14tik– apaizen eta elizaren kontra egiten ari zirena –4.184 apaiz, 13 gotzain eta 2.648 moja eta fraile hil zituzten eta ehundaka Eliza erre–. Beldur zen Gipuzkoara iritsi eta Elizaren ondasunak desjabetuko ote zituzten –ehun urte lehenago Mendizabalek egin bezala– eta horregatik jarri zuen Moja-etxe bere izenean. Hala dio anaiak Elizari itzuli zioneko eskriturak: si constaba a nombre personal del Sr. Párroco, fue por temor a las leyes persecutorias vigentes al tiempo de su adquisición. Beraz On Hilariok ez zuen egin berea zena bueltan hartzea besterik.

4. Idatzi horretan esaten da zahar-etxe egiteko asmotan Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Udaleko gizarte zerbitzuen eta herritar boluntarioen laguntzaz, oinarrizko beharrak asetzeko egokitu zela eraikina. Berriz ere gezurra. Erreforma horietan ez zen erakunde publikoen inolako diru-laguntzarik jaso. Parrokiak jasoak dauzka agiri guztiak. Eta proiektua ez zen, gainera, bertan behera geratu, baizik eta aurrera egin zuen Manuel Aizpuruaren eskutik eta hainbat adineko bizi izandu ziren bertan. Gero ere, hau sinatzen duen apaizak eskaini du eraikina zahar-etxe egiteko, inolako erantzunik gabe.

5. Idatzi horretan eskatzen da gaiarekin lotutako organo konpetente guztiek aurrerapauso bat eman dezaten Moja-etxe herriaren esku uzteko. Gaiarekin lotuta dagoen bakarra Eliza da. Beraz, ez du inork beste pausorik eman beharrik. Elizak erabakiko du egin behar dituen obretarako zein ondasun saldu eta zein ez. Elizak erabakiko du eliztarrei diru-laguntza eskatu edo ez. Eta eliztarrek erabakiko dute eman edo ez. Guk ez dugu inor ezertara behartzen.

Inork ez dauka Gotzaindegira joan beharrik Moja-etxe erabiltzeko baimena eskatzera. Aiako Parrokoa da-eta erabakia hartzeko eskumena duena. Ondasunak ez baitaude Gotzaindegiaren izenean, Aiako San Esteban Parrokiaren izenean baizik.

Udalak dira herritarren kultur ekintzak egiteko tokiak bermatu behar dituztenak. Aiak badu kultur-etxe eder askoa. Horien faltan utzi izan du Elizak bere eraikinak erabiltzen. Gaur ez dago horren beharrik.

Ez dugu onartuko behin eta berriz Elizaren ondasunetan muturra sartzerik. Kristau-elkartean biziki parte hartzen dutenak, eta Elizaren ondasunak zaintzen eta diruz laguntzen dutenak, nahikoa laguntzaile ditut nik gure ondasunen etorkizuna aztertu, hausnartu eta erabakitzeko.

 

Unai Manterola Albizu
Aiako San Esteban Parrokiako Erretorea

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide