San Miguel Ligari hasiera Katalunian emango zaio

Olatz 2014ko mar. 6a, 18:20

Orioko taldeak gogotsu daude denboraldiari hasiera emateko, hori aitortu dute Igor Makazaga eta Klaudio Etxeberria entrenatzaileek.

San Miguel Liga Kataluniara itzuliko da aurten. Euskadi Basque Country II. bandera, hortaz, Katalunian jokatuko da, zehazki, Bartzelonan. Pedro Andueza, ACTko presidenteak dioenez, San Miguel Ligaren hasiera gure eremutik kanpo egin behar genuela aspaldi erabaki genuen. Iazko esperientzia ikusita, aurten ere Bartzelonara itzultzea erabaki dugu. Jose Manuel Ortiz, ACTko batzordekideak gehitu du Katalunian eta, oro har, Mediterraneoan geroz eta arraun zale gehiago dago. Oriako Jaitsieran hori garbi ikusi zen, eta elkarteak sinergia horiek aprobetxatu behar duela irizten dio.

Orioko entrenatzaileak, Igor Makazagak, Bartzelona toki paregabea dela dio. Lehengo urtean izan ginen lehendabizikoz eta ederra da tokia; bai arraunean egiteko, bai arrauna ikusteko ere. Ikusi diezaioken arazo bakarra, espazio hori kontrolpean ez izatea da: etxean jokatzen dugunean, badakigu haize zakarra egonez gero, itsasoari zer gertatuko zaion. Bartzelonan ez; alde horretatik ezezaguna zaigu. Baina toki gehiagorekin ere gertatzen zaigu hori. Lehengo urteko esperientziatik ondo gogoan du Makazagak arraunerako toki ona zela eta antolakuntza ere ona izan zela oso, hortaz, errepikatzeko kexarik ez dauka. 

Lehengo urteko bidean aurrera

Hiru urteko plangintzak egiten dituztela kontatu digu Orioko entrenatzaileak. Azken ziklo honetan, hirugarren urtean daude jada. Lehenengoan, dinamika txarrari buelta ematea zen beraien helburua; negatiboa zen hori positibo bilakatzea. Hori lortu ostean, bigarren urtean, hoberenen artean sartzea zen beraien xedea; goran zenbiltzanekin lehiatzea. Hori ere lortu zuten. Aurten, lehengo urtean lortutakoari heldu nahi diote, eta postu horietan mantendu, egonkor, sendo.

Esfortzu asko eskatzen du arraunak. Egindakoa mantentzea eta gehiagoren bila joatea ez bada zure helburua, jai daukazu, izan ere, esfortzu hori helburua lortzearen truke egiten baituzu. Hortaz, ilusioarekin eta hobetzeko gogoarekin etortzen dira entrenatzera Orioko Arraun Taldekoak. Irabaztea, errendimenduaren ondorio gisa ikusten dute. Hortaz, helburua, errendimendu ona lortzea da. Hori lortu ezkero, emaitzak lortuko baitituzte. Hori eskuratu nahian gogor dabiltza entrenatzen Urria amaiera geroztik. 

Neskak ere koska bat gorago joateko asmoz

Nesken taldea, ordea, ez da Bartzelonan izango. Euskotren Liga uztailean asten da, eta ordurako Bartzelonako estropada jokatuta egongo da, azaltzen du nesken entrenatzaileak. Eta gaineratzen du: gure helburua sailkatzea da, bai Euskotren Ligan, bai Kontxan.

Ligara sailkatu ahal izateko, lehenengo lau postuetan helmugaratu behar dute Orioko neskek. Lehengo urtean lortu zuten ligarako txartela, eta aurtengoan ere helburu hori bete nahi dute. Lortu ezkero, ligan emaitza hobeagoak lortzea da beraien xedea.

Klaudio Etxeberria entrenatzaileak azaldu digu nesken liga ez dela mutilena bezain egonkorra. Taldeak asko aldatzen direla, hortaz, indartsuagoa den taldea urtetik urtera arraunlariak mantentzen dituen taldea dela aitortu du. Gora-behera asko egoten dira, beraz, ezin da jakin zer gertatu daitekeen. Halaber, gai ikusten ditu oriotarrak Euskotren Ligara sailkatzeko.

Mutilek pauso bat aurrera eman nahi dute, eta egonkor mantendu. Neskek, ordea, lehendabizi sailkatu egin nahi dute. Bi taldeek argi daukatena pausoz pauso joan nahi dutela da. Helburu orokorrak jarri ordez, errendimenduan jarri nahi dute fokua, hor lan ondo eginez gero emaitzak etorriko baitira. 

 

  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide