Galerak hasi baina urte bete lehenago, 2008an, marka guztiak hautsi zituen TS Fundicionesek, sei milioi euroko irabaziak lortu baitzituen. Sei urte beranduago, 31 milioi euroko zorra dauka enpresak eta 360 langile izatetik 150 izatera pasa da. Enpresa likidatzeko bidean jarri dute jabeek, hau da, enpresan dauden 150 langileak kale gorrian utzi nahi dituzte buruek. Langileak, ordea, enpresa bideragarria delakoan daude eta enpresa ez ixteko borrokan dabiltza.
Soka luzea duen historioa
2009tik aurrera TS Fundiciones galerak edukitzen hasi zen eta horrekin batera hasi ziren EEEak –enplegu-erregulazioko espedienteak–. Ordutik, etenik gabeko soka izan da galerena. 2012an familien arteko akzionista aldaketa egon zen, Aizpurua eta Sorazuren artekoa. Aizpurutarrek utzi egin zuten; Sorazutarrek, ordea, hartu. Urte horretan bertan, aldaketa horrekin batera, bideragarritasun plana aurkeztu zen, eta horren ondorioz, kaleratzeak etorri ziren, kontatu du Jon Basurko komiteko kideak.
2012an iraungipenean sartzen da enpresa, eta ondorioz, likidazioan. Joan zen urtarrilean, 2013an, akordioa sinatu zuten langileek eta enpresa buruek. Bi urte lanean jarraituko genuela bermatzen zuen akordioak, izan ere, ezin ziguten kaleratu. Enpresak, hitzarmen hori medio, ezin izan zuen bideragarritasun plana jarraitu. Honenbestez, ondoratu egin da enpresa, aitortu du Basurkok.
360 izatetik 150 izatera pasa dira sei urteren buruan. Urte betean, 8 milioiko zorra izatetik 31 milioiko zorra edukitzera. Egoera, hortaz, larria da. 150 langile horientzako irtenbide hau ikusi zuen enpresak, eta berau praktikara eraman zuen inongo negoziaketarik gabe: 50 langilek lanean jarraituko dute, beste 50 langile EEE egoeran geratuko dira eta azken 50ak kaleratuak izango dira. Gabonetan izan zen hori. Inongo negoziaketarik gabe espediente batean erregulatuta aurkeztu ziguten beraien plana, dio Basurkok eta gehitzen du negoziatzen hasi ginen, baina zortzi egunetara enpresaren likidazioa aurkeztu ziguten.
Hau esan eta hura egin
Negoziaketak hasi bezain pronto esan ziguten likidaziora gindoazela, hortaz, ez zuten kontsulta-epea bete, kontatzen du Jon Abaurrea oriotarrak. Agonia eta ezin egona aipatu ditu Orioko langileak, izan ere, akzionistek itxurak egin zituztelakoan dago. Ez genuela negoziatu nahi aurpegiratu ziguten, baina hori ez da horrela. Beraiek dira epeak bete ez dituztena eta gu, aldiz, lana egin nahi dugun herritarrak gara, negoziatzeko prest gaudenak.
Akzionisten gerra baten erruz, langileak galtzen ari direla diote. Momentu honetan guztiak kaleratuko dituztela diote, ondorioz, iraungitze EEEaren zain daudela. Esperoan gaude, inorena ez den lur batean bezala, aitortzen du Abaurreak. Hori salatzera etorri dira, hortaz, TS Fundiciones enpresako langileak.
Enpresako zuzendaritzak lan hitzarmenak zehazten duen soldatatik oso gora kobratzen dutela leporatu diete langileei hainbatetan, tematuta daudela 35 orduko lanaldiari eusten. Langileek, ordea, zuzendaritzak gezurrak baino ez dituela esaten diote. Izan ere, 2007a geroztik soldatak izoztuta dauzkate. Mila euroko soldata ez da duina. Baldintzak, gainera, gero eta okerragoak dira. Egoera hau denean ematen ari da, eta jendeak onartu egiten du. Baina ez du horrela izan, eta are gutxiago fundizioan, egunero arriskuan baikaude, salatzen du Santi Zubeldia langile oriotarrak.
Ertzaintzaren salaketak protesta egiteagatik
Bizi duten egoera salatzearren mobilizazioak egiten ari dira, eta gaurkoan, Donostiako epaitegietara joan dira. Gure gaia epaitegi honetan dagoelako etorri gara hona. Gure egoera salatzeaz gain, ertzaintzak nola kriminalizatu gaitun ere denuntziatu nahi dugu, azaldu du Basurkok. Multak dauzkate protesta egiteagatik eta sare sozialetan iritzia emateagatik, besteak beste. Abaurreak gaineratzen du egiten dituzten mobilizazio guztietan ertzaintza zain izaten dutela.
Bideragarri ikusten dute TS Fundiciones
TS Fundicionesek bizitza edukitzea da gure nahia, dio Basurkok eta gehitzen du likidazio osoarekin denak kalera joango gara eta enpresa txatarrerako geratuko da. Egoera larrian daude langile guztiak, batez ere 50 urtetik gorakoak, zeinak asko diren. Zubeldiak aipatu du denbora luze daramatela kexaka eta nekeza egiten dela, baina enpresa bideragarria denez borroka egin behar dutela.
Aho batez diote bideragarria dela. Abaurrek ere Zubeldiaren esana berresten du, baina zuzendaritza honek duen asmoarekin eta daraman bidea okerra dela dio. Buruzagitza honekin ez da bideragarria, baina gauzak ongi eginez gero, bai.
Pazientzia agortzen ari zaie TS Fundicioneseko langileei, barne gatazka baten ondorioak beraiek ordaintzen ari baitira. Bideragarria dela ikusten dute, negoziatu egin nahi dute, lana egin nahi dute. Buruzagiek, aldiz, itxi egin nahi dute enpresa. Protesta da orain daukaten bide bakarra, eta horretan dabiltza. Gaur Donostiako epaitegian izan dira, eta datorren astean, Gasteizera joango dira, oinez. Etapak egingo dituzte hara iritsi arte. Irabazi arte borrokan jarraitu nahi dute, hortaz, TS Fundiciones enpresako langileek.
Goizean egindako protestaren argazkiak ikusteko, egin klik hemen.