Ekintzailetasunaren bitartez negozio berriak sortzeko ekimena

Olatz 2014ko martxoaren 14a

Urola Kosta Ekin ekimenak ekintzailetasuna sustatu eta sarituko du. Maiatzaren 5en itxiko da proposamenak bidaltzeko epea

Urola Kosta Ekin enpresa ideien lehiaketaren VII. edizioa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Eskualdeko enpresetan berrikuntza eta sormena bultzatu nahi du lehiaketa honekin, enpresa eta herritarrek martxan jarri nahi dituzten ekimenei laguntza emanez. Ekintzailetasuna sustatuz eta sarituz negozio berriak sortzeko helburua du, beraz, Urola Kosta Ekin ekimenak.

Enpresa espiritua sustatzeko programa

2007an Urola Kostako Udal Elkarteak 2007-2013 VALORA programa jarri zuen martxan, enpresa eta enpresarien egokitzeko gaitasuna hobetzeko helburuarekin. Programa honen baitan hainbat ekimen jarri ditu abian, besteak beste, VII. ideien lehiaketa hau.

Enpresa berriak sortzeko lanean dabil Urola Kostako Enpresa Sustapeneko Zerbitzua, eta horretarako, aholkularitza eta laguntza zerbitzuak eskaintzen ditu. Informazioa, bideragarritasun planak, finantzaketa pribilegiatua, diru-laguntzen kudeaketa, prestakuntza dira eskaintzen dituen zerbitzuak, besteak beste.

Enpresaren barruan negozio berriak sortzea

Barne ekintzailetasuna enpresan bertan egitasmo berriak sortzean datza. Horrek enpresari bizirauteko eta lanpostu berriak sortzeko aukera ematen baitio. Krisi garaiotan, negozio berriak lantzea enpresaren jarduera zabaltzeko bidea da, hortaz, garrantzia handia du ekimen honek. Laguntza honekin, hortaz, enpresaren barne ekintzailetasuna indartu nahi du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Halaber, enpresa ideia berriak ere sarituko dira; sortu nahi direnak edota sortzear daudenak. Ikastetxeetatik sortzen diren enpresa ideia berriak ere izango dute euren saria, gazteak ekintzailetasuna lantzea garrantzitsua ikusten baitute.

Hiru helburu nagusi

Eskualdeko enpresari eta enpresa berrien ahalegina baloratzea da ekimenaren xedeetako bat, enplegua sortzeko oinarriak direla uste baitu Urola Kostako Udal Elkarteak.

Ohorezko aipamenaren sariarekin jarraituko dute edizio honetan. Sari honen helburua eskualdearen garapen sozio-ekonomikoaren alde lan egiten duten pertsona, enpresa edo erakundeen lana aitortzea da. Hortaz, zazpigarren edizio honek ohorezko aipamenaren saria emango du. Horrez gain, hiru sari gehiago egongo dira. Guztia, beraz, lau sari egongo dira:

  • Ohorezko aipamena
  • A atala: eskualdeko ikastetxeetako enpresa-ideiak
  • B atala: sortu berriak diren edo sortzear dauden enpresa-egitasmoak
  • C atala: eskualdeko enpresen egitasmo berriak (barne ekintzailetasuna)

 
Aurkezteko epea maiatzaren 5a bitarte dago irekita. Proposamenak Udal Elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira, Zarauzko Urdaneta bidean. Argibide gehiago nahi izanez gero egoitzara bertaratu, 943 89 08 08 telefonora deitu edota enpresasutapena@urolakosta.org helbidera idatzi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide