Aurrekontua %18 jaitsi da 2014an

Olatz 2014ko martxoaren 19a

Udalak zailtasunak dituen arren aurrekontu orekatu bat egitea lortu du eta herritarrei aurkeztu nahi izan die, dudak argitu ahal izateko

2014. urteko aurrekontuak aurkeztu zituen, atzo, Udalak. Bilera irekia zen, eragile eta herritar guztientzat. Udal Gobernuak, Orain eta Bilduk, bereziki garrantzitsua ikusten zuen herritarren partaidetza, herritarrena baita aurrekontua. Bertaratutakoak, ordea, gutxi batzuk izan ziren; 13 hain juxtu. 

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua

2012an auzoz auzo eta arloz arlo egin zuten iritzi eta proposamen bilketa, beharrak identifikatzeko. Sistema honek gabeziak zituela ikustean, formula berria planteatu zuten. Hortaz, aurten, aurrekontuen prestaketaren zirriborroa egiteko etxeetara zirriborroak bidali zituzten. 110 iritzi jaso zituzten guztira. Ekarpenak jasotzearen beharra azpimarratu zuen Beñat Solaberrieta alkateak, izan ere, iritzi horien baitan osatzen da zirriborroa.

Urtarrilaren 22an, jasotako ekarpenak kontuan izanik, alkateak bere proposamena aurkeztu zien udala osatzen duten alderdiei. EAJk ere eskutan izan du zirriborroa. Parte hartu nahi izan ez zuen arren, ogasun batzordean izan zuen esku-hartzea. 20 egun izan zituzten negoziaziorako, ostean, otsailaren 11an, ogasun batzordera pasatu baitzen gaia, eta hortik, osoko bilkurara. Orain, behin aurrekontua onartuta, herritarrei aurkeztu nahi izan die udal gobernuak, foroa egoki ikusten baitute galderak egiteko eta azalpenak eskatzeko.

Zailtasunak eta hartutako neurriak

Ez da erraza izan aurrekontua orekatzea udalarentzat, krisian gogor jo baitu. 2011, esaterako, gastu arrunta 5.800.248 eurokoa zen eta inbertsioa 4 milioi eurokoa. Aurten, aldiz, gastu arruntak 6.102.505 eurokoak dira eta inbertsioak 400.000 eurokoak.

Udal honen erronka handiena gastu arrunta egonkortzea izan dela aitortu du Solaberrieta alkateak. Zailtasuna, ordea, inbertsioek gerora duten erantzukizunean dago. Hau da, inbertsioak egiteak salmentak egotea eskatzen du, gastu arruntak egon daitezen –zergak, tasak...– eta horiekin estali dezagun eginiko inbertsioa.

Ez du erraza izan, hortaz, udalak aurrekontuak orekatzea. Izan ere, 2011an guztira 10.467.728 euroko sarrerak izan zituen baina aurten, 2014an, 6.521.227 euro ditu sarreretan. Honen aurrean, neurriak hartu beharra ikusi zuen udal gobernuak.

Murrizketa hauek hartzea erabaki zuen udalak, besteak beste:

  • Gipuzkoako Foru Aldundiko kontratazio prozedura: Argi indarra, posta zerbitzua, gasoila, gas naturala eta igogailuen mantenuan enpresa batek darama. Enpresa bakar baten eskuetan uzteak prezioa merkeago egiten du, horregatik hartu zen erabakia.

  • Kontratu txikien apurtzea.

  • Gobernu organo gastuen murrizketa: soldatak, protokolo gastuak...

  • Aseguru bateratuen lehiaketa publikoa

  • Gabonetako argiak

  • Kiroletako azpi egituren kontratu bateratua: kiroldegia enpresa batek zeraman, frontoia beste batek, arraunketa zentroa ere bai... beraz, guztia batek eramatean aurrezteaz gain efizientzia ere irabazten da.

Diru sarrerak handitzea izan da hartutako beste neurri bat, kasu hauetan adibidez:

  • Ordenantza fiskala: kiroldegia %5 eta %7 artean igo da; musika eskola KPI + 4 eta IBIaren errekargua %100

  • Teknifikazio zentroko aisialdi zerbitzua

  • Mendibeltzeko garajeak alokairuan jarri dira: 61,40 € + BEZ, eta guztira, 23 garaje daude

  • Kanpineko sarrerak igo dira, eta aurre ikusten da 2013an lortutako 20.000 euroak, aurten, 70.000 euro bilakatuko direla. Hori da udalaren nahia.

  • Exekutiba: multa amaieraraino iristea, adibidez.

Oharkabean lortutako diru sarreren igoera biztanleriaren igoerarengatik eskuratutakoa da. Izan ere, biztanleko 450 euro ematen ditu fondo foralak, eta zorionez ala zoritxarrez Orion biztanleria igo denez honek hauspoa eman ahal izan die aurrekontuei.

Diru sarrerak ez etortzearen arrazoia

Hainbat kontuk eragin dute diru sarreretan, Udal Gobernuaren ustetan aipagarrienak ondorengoak dira:

  • Musika Eskolako hitzarmena: gastuak Udalak ordaindu behar ditu, Udal musika eskola delako. Baliabideak Euskal Jaurlaritzak, Udalak eta erabiltzaileak ordaindu behar ditu. Egun, %50 ordaintzen du udalak eta gainontzekoa Eusko Jaurlaritzak eta erabiltzaileek, bakoitzak %25 ordainduz.  Aiako ikasleen partea Aiako Udalak ordaintzea eskatzen zuen Orioko Udalak, baina ez da hitzarmena lortu. Hortaz, 41.000 euroko da Orioko udalak ordaintzen duen eta tokatzen ez zaion gain kostua. EJk 29.000 euro gehiago eta Aiako udalak 12.000 euro ordaindu beharko lituzke.
  • Zaragueta DBH: zati bat Orioko Udalak ordaintzen du, baina beste zati bat Eusko Jaurlaritzak pagatu behar du, araututa dagoelako. Eusko Jaurlaritzak gelak betetzen direnean ordainduko duenez, bitartean, gu gain hartu dugu gastu hori. 24.000 euroko gain kostua dauka urtero, eta 2014-2017 urteen bitartean Orioko udalari tokatzen ez zaizkion 31.520 euro ordaindu beharko ditu, eskolako zerbitzu guztiak berma daitezen ziurtatzeko.

    Oro har, Eusko Jaurlaritzaren laguntza eza nabarmendu du Solaberrieta alkateak, beste hainbat alorretan ere ez baitu bere laguntzarik jasotzen: Itxaspen, Bisigu festa... esaterako. Horrez gain, azken boladan izandako ez-ohiko gertaerak ere aipatu ditu alkateak: Benta bideko lur jauzia, itsas denboraleak eragindako kalteak…

Elkarteak diruz lagunduz

Udaletik elkarteei zuzendutako diru kantitateak mantentzen ahalegindu dira, beraien ustetan, herria elkarteengatik baitago martxan. 2011an 244.177 euro bideratu ziren elkarteetara. Egun, 279.300 bideratzen dira.

Elkarteetan gora-beherak egoten direla aipatu du Solaberrietak, batzuk ohitura finkoak baitituzte eta besteak aldakorrak. Hortaz, errealitatearen azterketa egin dute eta elkarteek dituzten beharrak identifikatu. Horren baitakoa izan da eman zaien kopurua, baina oro har, lehengo urtetako kopurua mantentzen edota indartzen ahalegindu dira Udaletik.

Inbertsioak

Aurreko urtetatik eratorritako inbertsioak daude, horien artean, Udal kanpinarena, legealdiko proiektu bezala definitu zutena. Aurten, azken esfortzu txikia egin nahi da bertan, harrera hobetuz. Hondartzako txiringitoa ere aipatu du, zaharkitua geratu baita eta denboraleak are gehiago zartatu baitu. Udal ondasuna denez, udalaren esku geratzen dira bertako egiturazko obrak. Guztira 69.000 euro gastatu beharko ditu zahar-berritzean.

Bestalde, kiroldegian obra egitea beharrezkoa ikusten dute. Lehengo urtean zerbitzuari eman zitzaion buelta, baina osotasunean hobetu ahal izateko, obra batzuk egiteko beharra ikusten dute. Hortaz, 75.000 euroko aurrekontua bideratuko da kiroldegia hobetzera. Obrak egiteko etenaldi txiki eta partziala egitea derrigorrezkoa dela ikusten du Udalak.

Hirigintzaren obrak ere aipatu ditu Solaberrietak, besteak beste, Kultur Etxeko irisgarritasuna hobetze aldera egin direnak edota arrantzale kaleko espaloiarenak. Lehenak 27.000 euro kostua izan du, eta bigarrenak 41.000 eurokoa. 

Bidegorri sare integrala egitea da Udalaren desioa, baina horretarako dirua behar dela azpimarratu dute. Hortaz, daukatenarekin hastea erabaki dute eta pausoz pauso joatea. Puntu beltzena identifikatu eta bertan egin dute obra, hots, bidegorria.

Bestalde, osterantzeko auziaren inguruan hitz egin zuen Solaberrietak. EAJk 12.000.000 euro zeudela esan zuela aipatu zuen, baina udal teknikariek eginiko txostenetan, 2011 urtean 9.000.000etara ez zela iristen adierazten zen. Hortik 2014ra bitarte udalak osterantzekoaren bidez finantzatu diren kontzeptuen zerrenda azaldu zuen; zerrenda horren %80a aurreko legealditik eratorria zela adieraziz. Solaberrietak argi utzi nahi izan zuen prentsak 6 milioi euro xahutu direla esaten denean, gezurra argitaratzen ari dela. Bera legealdi osoan zehar egiten ari den dinamika erakusteko arazorik ez duela. Bera jendaurrean agertu eta azalpenak emateko gai den bezala, besteak ere kapaz izatea eskatzen du.

Udalak bizi duen egoera erraza edo lasaia ez den arren, ez dauka zorrik; mailegurik gabe dago. Halaber, azpiegitura asko ditu Udalak, baina horiek mantentzeko arazoak ditu. Hortaz, sarrerak eta gastuak ondo lotzeko beharra ikusten du udalak. Laburbilduz, eta zenbakietara mugatuz, zuzeneko diru laguntzak %14 igo dira, elkarteenak %1 eta aurrekontua %18 jaitsi da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide