Errenta aitorpena euskaraz egitea bultzatu nahi dute UEMAK eta Orioko Udalak

Miriam 2014ko martxoaren 27a

Kanpaina bat jarri dute martxan herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatzeko

Orioko Udalak eta UEMAk errenta aitorpena euskaraz egitea bultzatzeko kanpaina bat jarri dute martxan. Kanpaina horretan, herritarren eta administrazioaren arteko harremana euskarazkoa izatea sustatu nahi dute. Errenta aitorpena euskaraz geroz eta jende gehiagok egiten duela, eta horrek administrazioa euskalduntzeko bidea errazten duela aipatzen du Udalak.

Alkatearen bandoa

Kanpaina honen baitan, alkateak honako bandoa eman du:

Apirilaren 7an zabalduko da 2013ko errenta-aitorpena egiteko kanpaina eta, bando honen bidez, animatu egin nahi zaitut aurtengo errenta-aitorpena euskaraz egitera.

Urtetik urtera gero eta gehiago dira errenta-aitorpena euskaraz egiten duten oriotarrak. Oraindik askoz gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak, baina euskarazkoen portzentajea handitzen ari da etengabe:

2009
Euskaraz egindako aitorpenak: 308 (%11).

2010
Euskaraz egindako aitorpenak: 399 (%13,98).

2011
Euskaraz egindako aitorpenak: 429 (%14,68).

2012
Euskaraz egindako aitorpenak: 474 (%16,40).

Aurten zuk ere egin dezakezu errenta-aitorpena euskaraz! Zergatik ez?

NOLA EGIN AITORPENA EUSKARAZ?

Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude eta guztietan erabili daiteke euskara:

1. Mekanizatua

Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.

Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz eta telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu. Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

2. Autolikidazio proposamena

Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

3. Internet bidezkoa

Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.

Aholkularitza baten bidez egiten baduzu, propio adierazi beharko diozu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Oharra: Beste moduren batean egitean baduzu (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska dezakezu.

HIZTEGITXOA

Errenta-aitorpena egiteko hitz teknikoen inguruko hiztegitxoa osatu du UEMAk. Kontsultatu hemen HIZTEGITXOA

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide